Euskarazko literatura nazioartean zabaltzeko, eta beste hizkuntza batzuetara itzultzea eta argitaratzea bultzatzeko, Etxepare Euskal Institutuak literatura-laginen ataria plazaratu du,. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Etxepare Institutuko zuzendari Irene Larrazak aurkeztu zuten atzo Donostian tresna berri hori.

Euskarazko egungo literatura-laginen atari horrek (www.basquebooks.eus) Euskal Herriko idazleei, editoreei eta literatura-eragileei atzerrian itzulpen- eta argitalpen-eskubideak saltzen laguntzea du helburu, “gure hizkuntza idatzitako literatura bistaratzea eta kanpoan proiektatzea ahalbidetuz”. Bide batez, “euskarazko literaturarik berrienaren argazki bat” eskainiko zaio nazioarteko publikoari. Horretarako, ingelesera edo frantsesera itzulitako euskarazko liburuen zati ugari eskaintzen ditu atariak, oraingoz hizkuntza horietan argitaratu ez direnak.

Etxeparek 2021az geroztik antolatzen duen literatur laginen itzulpenerako laguntzen deialditik pasatako testuak dira. Deialdi horretan editoreek edo itzultzaileek parte har lezakete, liburu baten kapituluen edo zatien itzulpenak finantzatzeko. “Horrela, egilearentzat ere zuzeneko onura sortzen da, eskura izaten baitu bere lanaren ingelesezko eta/edo frantsesezko lagin bat, nahieran dituen helburuak lortzeko erabilgarri”.

Ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiek jasotzen dute itzulpena finantzatzeko laguntza, eta zuzenean jartzen dira webgunean eskuragarri dauden laginen zerrendan.

Besteak beste, hortxe daude 2021az geroztik Euskadi Saria jaso duten euskarazko lan guztien ingelesezko eta/edo frantsesezko laginak. Badira dagoeneko 31 titulu, eta datozen urteetakoak ere gehitzekotan dira.

Atarian jasotako laginak fikzioan eta ez-fikzioan banatuta daude, baita beste hainbat azpikategoriatan ere, besteak beste haur eta gazteentzako liburuak, poesia, eleberria edota saiakera. Liburu bakoitzaren fitxak honako hauek biltzen ditu: liburuari eta egileari buruzko informazioa ingelesez; ingelesez eta/edo frantsesez deskarga daitekeen lagin bat, argitalpen-eskubideetarako kontaktu bat, eta informazio osagarria, tartean argitaletxea, orrialde-kopurua edo ISBN.

Atariaren erabiltzaileek kategoriaren edota egilearen arabera egin ditzakete bilaketak. Eskuragarri dauden tituluei buruzko informazioa idazleek eurek edota argitalpen-eskubideen titularrek partekatu dute.

Larrazak azaldu zuenez, ekimen honen helburua “egungo euskarazko literaturaren ikusgarritasuna zabaltzea da, eta beste hizkuntza batzuetara itzul daitezen bultzatzea” eta, ondorioz, “nazioarteko jaialdi, azoka eta ekitaldietan euskarazko idazleen parte-hartzea areagotzen laguntzea”.

Horren harira, argi utzi nahi izan zuen “baliabide berri hori ez dela katalogo bat, lanen aukeraketa edo antologia bat, edo euskarazko literatura itzuliaren behin betiko direktorio bat”, bai ordea, horren guztiaren “osagarri bat”, “euskarazko literatur ekoizpen berriaren zati bat erakusten duen erakusleihoa denez gero”. “Euskarazko egile guztientzako zabalik dagoen ataria da, eta gaur egungo literatur idazlanen ahalik eta lagin gehien erakutsi nahi ditugu bertan”, adierazi du.

Larrazaren esanetan, “tresna horrekin osatu egiten da” Institutuak euskarazko literaturaren “nazioarteko ikusgarritasuna eta proiekzioa sustatzeko estrategia”. Horren baitan sartzen direlarik itzulpenetarako laguntzen egitasmoa, idazleak euren lanak kanpoan erakusteko gonbidatzen dituztenetarako mugikortasun-gastuei aurre egiteko laguntzak; nazioarteko jaialdi eta ekitaldiekin akordioak egitea, programazioetan euskal idazleak har ditzaten; bai eta urtero banatzen den Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria ere.

Euskarazko literatura-laginen ataria www.basquebooks.eus webgunean dago. Marka hori euskal argitaletxeen sektoreak eta euskal erakundeek partekatzen dute 2020az geroztik, euskal literatura eta liburua kanpoan zabaltzeko helburuarekin. Aterki horren pean, hainbat sustapen- eta hedapen-ekintza egiten dira estatuko zein nazioarteko liburu-azoketan, jaialdietan eta beste ekitaldi batzuetan.

Gainera, Webgune horretan bestelako informazio ugari ere badago eskuragarri: Euskadiko sektoreko elkarte profesional nagusiei buruzko informazioa, atzerriko argitaletxeak euskal egileen edo jatorriz euskaraz idatzitakoen fikziozko eta ez-fikziozko lanak argitaratzera animatzeko finantzaketa-eskemak, baita jaialdi eta ekitaldien antolatzaileek euskal egileak gonbidatu ahal izateko zein laguntza dauden ere.

Bertan topatu dituzue, baita ere, EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) itzulpenera bideratuta garatu dituen hainbat baliabide, Etxepareren laguntzarekin berriki ingelesera itzuli direnak.

Tresna berri horrek eskaintzen duen deskarga sistemari esker, erabiltzaileei eta deskargatu diren laginei buruzko datuak bildu ahal izango ditu Etxeparek, gero informazio indibidualizatua eskaini eta ekintza espezifikoak gauzatu ahal izateko. l