Donostia – Duela egun batzuk Donibane Lohizunen egindako enkante batean, Ramiro Arrue margolari euskaldunaren margolan batengatik 130.000 euro ordaindu zituen erosle anonimo batek. Abiapuntu zen prezioa bikoiztu egin zuen eta enkante-etxea bera ere harrituta agertu zen. Ramiro Arrue bilbotar margolari enblematikoak ezustekoa eman zuen enkantean, landa-bizitzaren eszena bat irudikatzen zuen haren margolanetako bat, irteerako prezioaren bikoitza ordainduta saldu baitzen.

‘Un pueblo vasco’ izeneko margolanak bi pertsona-talde irudikatzen ditu pilota-frontoi baten aurrean. Pilotariak zuriz jantzita daude eta belaunaldi nagusiagokoak aurrean agertzen dira beltzez, kalbario baten gurutzea eta eszena inguratzen duten mendiak ikusten direla. Obran, egileak berezkoa duen Euskal Herriko ikonografia perfektu baten elementu guztiak biltzen dira, forma sinpleak eta kolore aberatsak, Ramiro Arrueren mihise klasiko bat osatuz.

60.000 euroko estimazioa kalkulatu zioten margolanari, eta Donibane Lohizuneko enkantean hainbat eskaintza egin ondoren, mihise gaineko olio-pinturaren azken mailukada 130.000 eurokoa izan zen. “Ez genuen halakorik espero”, adierazi zuen Arnaud Lelièvre enkantegileak. Adituaren ustez, euskal arte modernoaren punta-puntako margolaria da Ramiro Arrue,” gaur egun Euskal Herriko margolari klasiko garrantzitsuenetakotzat onartuta dagoelarik”.

Gaztetan Parisen egon ondoren, bere pintzeletan garai hartako modernotasunaz blai, herrira itzuli zen pintore bilbotarra. Arnaud Lelièvreren esanetan, “Aintzindaria izan zen formak sinplifikatzen eta kolore lauei garrantzia ematen. 16 urte zituenetik, pintzela ikaragarri ondo menderatzen zuen”.

Enkantean margolariaren hamaika lan zeuden salgai, eta bakar bat geratu zen eroslerik gabe. Haren beste pintura bat ere nabarmendu zen enkantean, ‘Retrato de Suzanne al atardecer’. “Historikoki oso pintura interesgarria, Ramiro Arruek bere emaztea, Suzanne Blanche irudikatu baitzuen bertan”, Arnaud Lelièvrek esan zuenez. Ekitaldi berean eskainitako artistaren argazki erretratu bat Baionako Euskal Museoak erosi zuen.

Margolaria, ilustratzailea eta zeramikaria, Ramiro Arrue y Valle Bilbon jaio zen (1891eko maiatzaren 20 - 1971ko apirilak 1) artista familia batean. Bere hiru anaia zaharrenak ere margolariak izan ziren, eta sarritan egin zituzten erakusketak guztiek elkarrekin. Euren aita, Lucas Arrue, arte bildumagilea zen, eta bere bildumako hainbat artelan saldu behar izan omen zituen seme-alaben heziketa artistikoa ordaintzeko.

19 urte zituela, Parisera joan zen Grand-Chaumièreko Akademian ikastera, eta Montparnasee-n bizi zela, Zuloaga eta Paco Durrio herrikideekin harreman estua izan zuen, baita bere lagun min bihurtu zen Antoine Bourdelle eskultorearekin ere. Picasso eta Modigliani ere ezagutu zituen. – N.G.