Negu Hurbilak, Ekain Albitek, Adrià Rocak, Nicolau Mallofrék eta Mikel Ibargurenek zuzenduta, eta Irati Gorostidiren Anekumen filmak, bihar, asteazkenarekin, Suitzako Locarno hirian hasiko den zinema jaialdian ikusgai izango dira, “zinema esperimentalean eta autore-filmetan munduko topaketarik garrantzitsuenetakoa delarik” Zineuskadik nabarmendu duenez.

Negu Hurbilak Orainaldiko Zinemagileen sailean parte hartzeko hautatu dute. Bertan, mundu osoko talentu berrien lehen eta bigarren luzemetraien aukeraketa eskaintzen da, beti ere, mundu mailako estreinaldiak izanik. Maluta films eta Cornelius Films ekoiztetxeek ekoitzi dute Negu hurbilak, eta Jone Laspiur da protagonista nagusia. Filmak hainbat jaialditako Work In Progress ataletan parte hartu du, hala nola Atlántida, L 'Alternativa, REC eta FICX, aintzatespen ugari eskuratuz. Filmak ihesaldi baten istorioa kontatzen du, eta jazarpenak bultzatuta ziurgabetasunean murgilduta dagoen neska gazteak ez daki non dagoen, nora doan, ezta nahi duen lekura iristea lortuko duen ere. Helburu argia du: muga zeharkatzea, eta "muga" dio, badakielako horrela bere jaioterritik, bere etxetik, urrundu ahal izango duela, han ez baita seguru sentitzen.

Lehen film luzeen garapenerako Locarno Residency Merkatuaren atalean eskaini zaio edizio honetan parte hartzeko aukera, berriz, Irati Gorostidiren Anekumen lanari.

Apellanizek eta De Sosak ekoitzitako proiektuak dagoeneko ibilbide luzea izan du nazioarteko hainbat merkatutan zehar; besteak beste, 2022an, Donostia Zinemaldiaren babesean garatzen den Ikusmira Berriak programan parte hartu zuen. Horretaz gain, 2023an Indie Lisboako Co-production Forum -ean parte hartzeko aukeratu dute, eta jaso berri du FIDLab-eko Culori Award saria ere.

Zineuskadiren esanetan, "euskal zinemaren promesa handienetako bat da" Irati Gorostidi zuzendaria. Aurten Canneseko Kritika Astean estreinatu zuen 'Contadores' film laburra, eta Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailerako ere aukeratu dute. 1978ko Donostian girotutako filmak, aurrera eraman ezin duten grebarako deia eztabaidatzeko batzarrean bilduta dauden fabrika bateko langileen istorioa kontatzen du. Erabat atsekabetuta, erradikalenek, lantegia utzi eta Nafarroako mendietan isolatutako komunitate batekin bat egitea erabaki zuten.