Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak aurtengo (H)ilbeltza bekaren irabazlea ezagutzera eman zuten atzo goizean. Edizio honetan, epaimahaikideek Joxan Oiz Arruti donostiarraren origaiztoko proiektua saritu nahi izan dute.

Joseba Otondo Baztango alkateak, Eneko Barberena (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatutako epaimahaiak XIX. mende hasierako Donostian kokatzen den nobelaren lagina hautatu dute. Izan ere, eta aurkezpenean adierazi zutenez, “laginean nabari da idazleak dokumentazio lana eta garaiaren prospekzio ariketa egin duela. Garai soziala eta abiapuntua iradokitzailea da, eta kasu honetan ukitu historikoa kritika sozialarekin uztartzea nobela on baten abiapuntua izan liteke. (H)ilbeltza bekaren parametroekin bat egiten du eta hizkera landua erabiltzeak proiektua indartzen du”.

Dagoeneko zazpi edizio bete dituen beka honen helburua euskarazko nobela beltza sustatzea da, txandaka sormen eta itzulpen lanak sarituz. Gainera, Baztanek aspalditik euskarazko nobela beltzarekin duen harremana etorkizunean ere mantendu eta indartzeko ekimen hau sustatzen jarraitzeko asmoa erakutsi zuten bertaratutakoek.

Aurkezpenean parte hartu zuen (H)ilbeltza elkarteko Alberto Atxak azpimarratu bezala, “egitasmo honetatik sortutako bost liburu dagoeneko liburu dendetan daude, eta seigarrena, datorren urtean argitaratu eta aurkeztuko duguna martxan dago. Hauek oso zenbaki politak dira, bilduma bat sortzen ari garelako. Euskal literaturari orokorrean bultzada bat ematen diogu eta (H)ilbeltzaren bitartez bozgoragailu bezala funtzionatzen dugu, jendea bai nobela beltzera eta bai literaturara hurbiltzeko”.

Sarituak, bestalde, umore puntu batekin, “azken aldian bizitzen ari garen sorioneku giro honetan,zorigaiztoko hori nabarmendu “ nahi izan duela aipatu zuen. Joxan Oizek 6.000 euroko beka jasoko du eta 2024ko abenduan argitaratuko da bere liburua. Aurkezpenari bukaera emateko esan zuen bezala, “orain idaztea bakarrik falta da”.

Aurretik sarituak

Lehen edizioa sormen beka izan zen; Miel A. Elustondo izan zen sariduna eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019an. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Josu Barambonesek Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska’ nobela euskaratu zuen. Hirugarren irabazlea Miren Gorrotxategi izan zen eta ‘Sotoan gordeak ‘liburua izan zen emaitza. Laugarren beka Koldo Bigurik jaso zuen eta Massimo Carlotto italiarraren Agur maitea, ikusi arte eleberria itzuli zuen. Bostgarren beka Eneko Barberenak lortu zuen eta Suak erreko ez balu eleberria idatzi zuen. Eta azkenik, iazkoan Beñat Irastorza izan zen saritua, eta Fred Vargasen Debout les morts liburua euskaratua argitaratuko du aurten.