- Lehen diskoa grabatzen hasi ziren momentuan ez zekiten "estudio bat zer zen eta bertan zer egin behar zen", Xabi Arrazola Lamiakeko baxuak aitortu duenez. Ordudanik lortutako ezagutzari esker, eta pandemiaren erruz zuzenean apenas aurkezterik izan ez duten arren, taldeak Itzalak, argiak izeneko bigarren lana kaleratu berri du. Nabarmen zainduagoa den eta konposizio ausartagoak dituen album honekin, Berri Txarrak taldearekiko konparazioetatik behin betiko aldendu nahiko lukete, euren nortasun propioa eraiki ahala.

Bigarren disko hau ateratzea uste baino gehiago kostatu zaizue?

-Lehenengoa pandemia baino lehentxeago argitaratu genuen. Hasiberriak ginen eta ez genekien nola jokatu; horregatik, lan honetarako irudia landu nahi izan dugu bideoklipekin, azalak gehiago landuta, arropa berria atera... Proiektua, finean, lan gehien ematen duen musikaz haratago, gehiago kostatu zaigu. Osoagoa izan da, baina lan handiagoa eman digu.

Hainbeste 'single' argitaratuta, badirudi denbora luzea daramazuela promozioan.

-Bai. Diskoa kaleratzearen unea da zirraragarriena, baina horrek minutu gutxi batzuk irauten ditu. Aurreko guztia izaten da lanik eta ahaleginik handiena.

Pieza bakoitzari bizitza propioa ematea izango zenuten helburu.

-Jakina. Azkenean, pieza bat musika da, baina atzean esanahi bat badago, batez ere, gaur egun, irudia oso garrantzitsua baita hedabideetan eta sare sozialetan. Askoz ere osatuagoa da. Gaur egun eskura ditugun baliabideekin bideoz edo azalaren bitartez abesti bati bizia emanda askoz ere osatuago geratzen da.

Gaur egun posible da musikari ezaguna izatea inoiz diskorik atera gabe.

-Bai, noski. Zenbait artistak single-ekin funtzionatzen dute eta kito.

Ez da zuen kasua. Albumean hamar abesti daude, eta 'Itsuen aroa'-koen oso bestelakoak direla esango al zenuke?

-Sormen-prozesua antzekoa izan da, baina konposizioetan aldaketa nabarmena da. Konplexuagoak eta landuagoak dira. Lehenengo diskoa grabatzerakoan ez genekien estudio bat zer zen, ez eta bertan zer egin behar zen ere. Oraingoan ordea, bagenekien zer topatuko genuen. Bagenekien marjina genuela zerbait berria konposatzeko edota nahi genuena aldatzeko. Beste soinu batzuekin gehiago jolasteko aukera izan dugu, eta beti ere rockaren barruan, pixka bat gehiago mugitu gara. Lehenengo diskoa zurrunagoa da.

Bilakaera egon bada ere, Eñaut Gaztagaña izan duzue berriro ere produkzio lanean.

-Eñautek hegoak astindu dizkio talde talde pila bati; aurrekoan oso gustura egon ginen elkarrekin, eta adiskide bihurtu gara. Proiektuari jarraipena emateko leku egokia zela iruditu zitzaigun, jende askorentzat lehen diskoa izango baita, lehenengoa pandemiak eklipsatu zuelako eta ezin izan genuelako nahi bezala aurkeztu. Askorentzat oraintxe agertu gara, bat-batean, album honekin (barrez).

Lan heterogeneoagoa da. Esango al zenuke, rock musikako entzulea gero eta ohituago dagoela talde batek aldaketa horiek egitera, adibidez, metaletik 70eko soinuetara?

-Halako aldaketak egiteak bertigoa eman dezake. Batez ere ni bezalako pureta izanez gero (barrez). Baina behin arrisku hori hartu eta ondo ateratzen bazaizu, oso pozgarria da. Elkarrizketara etorri aurretik Foo Fightersen azken diskoa entzuten aritu naiz, eta black metal estilokoa dela konturatu naiz, inoiz horrelakorik egin ez bazuten ere. Talde asko ausartzen dira. Gure kasuan, agian, aldaketa ez da hain erradikala izan, baina sonoritate berriak gehitzea eta konposizioekin jolastea oso ideia ona iruditzen zait. Rockaren barruan hainbeste azpigenero daudenez, beti dago horrelakoak egiteko aukera. Eta horretan jarraitzeko asmoa dugu.

Ahotsei ere presentzia handiagoa eman diozue.

-Bai. Lehen aipatu dut aurreneko diskoan estudioan oso galduta ibili ginela eta, besteak beste, ez genuen bigarren ahotsik sartu. Oraingoan ikasita joan gara, eta Ander Aranburuk (ahotsa eta gitarra) kaña gehiago sartu zion ahotsari. Askoz borobilago geratu da.

Zuzenekoetan ere antzemango da hori. Lehen albumeko abestiak egokitzea pentsatu duzue?

-Aurreko diskoko abestiak grabazioan dauden bezalaxe mantendu ditugu. Egia da, halaber, kantu horiek alde batera uzten ari garela, zuzenekorako bigarren diskokoek hobeto funtzionatzen dutela irudi-tzen zaigulako. Aldaketa izan da guretzat, baita kontzertuetan ere. Taldea profesionalizatzea ekarri du.

'Itzalak, argiak' izenburuak, pandemiaren eta argia ikusteko beharraren premia islatzen al du?

-(Barrez) Diskoko ezerk ez du zerikusirik pandemiarekin. Izatekotan, berriz konposatzeari ekitako aitzakia izan zen. Gure kontu pertsonalengatik oso iluna zen disko batetik gentozen, eta oso ondorio garbia atera genuen hortik, une oro aurki ditzakezula argiak eta itzalak, une onak eta txarrak, eta bietan bizitzen ikasi behar dela. Baita momentu txarretan ere, ikasteko lagungarri baitira. Diskoaren izenburuak horri egiten dio erreferentzia, eta kantu gehienen gaia horixe da, beti aurrera jotzea eta sendotzea.

Zer iruditzen zaizkizue beste talde batzuekiko konparaketak?

-Lehenengo abestia atera bezain pronto hasi ziren Berri Txarraken jarraipena ginela esaten. Influen-tziak, eta, jakina, eurak izan dira, saihestezinak dira, ez bakarrak, ordea. Euskal eszenan heterogeneotasun dezente egon arren, gure burmuinak bakoitza bestearekin alderatzen saiatzen dira. Inolaz ere, konparazio hori egite hutsa lausengutzat hartzen dugu. Euskal Herriko talderik handienarekin alderatuz gero, ontzat hartu behar; baina egia da, era berean, aurkezpen-biografietan Berri Txarrak izena ez dugula jartzen, ezta gure influen-tzietan ere, zama hori kentzeko asmoz edo (barrez). Nortasun propioa duen taldea sortzea gustatuko litzaiguke, eta bide onean gabiltzala esango nuke.

Lehenengo diskoa apenas aurkeztu ahal izan zenuten, hau berriz, bai. Gogotsu egongo zarete, ezta?

-Taldearen ia alderdi guztiak autogestionatuak direnez, ateak joka ibilita lortu ditugu hitzordu guztiak. Hainbat lotu ditugu, eta hurrengo erronka Gipuzkoatik haratago irtetea da. Bizkaira edo Arabara joan nahi dugu, gure Donostiako komunitate txikitik kanpo ere ezagutu gaitzaten. Hori eta, aldi berean, lan berria diseinatzen hastea.

"Lehenengo diskoa grabatzerakoan ez genekien estudio bat zer zen. Oraingoan ordea, bagenekien zer topatuko genuen"

"Rockaren barruan hainbeste azpigenero daudenez, beti dago konposizioekin jolasteko aukera. Eta hori egiten jarraituko dugu"