- Jardunean dauden euskal artisten arte garaikidea erosi nahi du Eusko Jaurlaritzak eta aurten 200.000 euro erabiliko ditu, aurreko bi urteetan baino 50.000 gehiago. 2020an eta 2021ean 300.000 euro bideratu dira Bilboko Arte Ederren Museoaren, Artium Museoaren eta Tabakaleraren bilduma partekatua osatzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak atzo iragarri zuenez, berari dagokion sailak, hirugarren urtez jarraian, euskal artisten arte garaikidea erosteko partida bat bideratuko du.

Aditzera eman zuenez, 2020an hasi omen ziren, covid-19ak artearen munduan eragindako kalteak arintzeko helburuarekin, baina, egia esan, helburua hirukoitza dela nabarmendu zuen: batetik, "pandemiak gogor kolpatutako sektore ezegonkor batean ekonomia indartzea; bestetik, ondare historiko artistiko publikoa aberastea eta eguneratzea; eta, azkenik, museoen eta euskal arte garaikidean espezializatutako zentroen arteko ekintza bateratua eta koordinatua sendotzea.

Eusko Jaurlaritzak diseinatu eta diruz hornitutako jarduera honen bidez, Artium Museoak, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak, hirurek koordinatzen dituzte erosketak, euskal arte garaikidearen funtsak aberastu asmoz.

Lan horien erosketa Artium Museoak gidatuko du, Bilboko Arte Ederren Museoarekin eta Tabakalera zentroarekin lankidetza estuan. 2020an, 24 artistaren 34 artelan eta edizio grafikoko zortzi ale erosi ziren.

Programa 2020an hasi omen zen, covid-19ak artearen munduan eragindako kalteak arintzeko helburuarekin