- Kultura-sektorean enplegua sortu eta suspertzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak 5,7 milioi euro gehiago bideratuko ditu Piztu Kultura 2022 Egitasmora. Harkaitz Millan Kulturako diputatuak eta María José Telleria foru zuzendariak aurkeztu zituzten atzo Donostian diru-laguntzen urteko plan horren xehetasunak. Kopurua 240.000 eurotan igo da, alegia, aurreko urtean baino %4,3 gehiago.

Ekitaldiak eta jarduerak eten behar zirela eta, pandemiak kultura-sektorean eragindako krisiari erantzuteko 2020an sortu zen programaren hirugarren urtea izango da aurtengoa. Hiru ekitaldi horietan, Piztu Kulturak 15,3 milioi euro banatu ditu laguntzetan; horietatik 4,6 milioi enplegua sustatzera bideratu dira, 4,5 milioi proiektu kulturalak bultzatzera, 2,2 kulturari balioa emateko eta publiko berriak sor-tzeko planak garatzera, eta 1,4 milioi zuzenean sortzaileei laguntzeko.

Millanek adierazi zuenez, "Kultura eta bere gizarte-sarea babesteko Gipuzkoan garatutako ekimenik garrantzitsuena da Piztu Kultura". Hainbat helburu ditu, gainera: egoera normaltasunera itzuli bitartean kulturaren berreskura-tzea babestea, kultura-proiektuak eta ekimenak sustatzea, haren gizarte-sarea zaintzea, enplegua bultzatzea eta krisiaren ondorioak arintzea.

Bere hitzetan, "ezinbestekoa da, erabat berreskuratu bitartean, kulturari laguntzen jarraitzea", Piztu Plana bezalakoak baliatuz. Egitasmo horrek bost jarduera-ildo biltzen ditu, horietako bakoi-tzak laguntza-programa propioa duelarik.

Egitasmoaren bost ardatz estrategikoak honako hauek dira: Enplegua bultzatzeko -2 milioi-; kultura-sareari laguntzeko -1,3 milioi-; udal eta museoentzako laguntzak -914.500 euro-; sortzaileentzako laguntzak -620.900 euro-, eta proiektu estrategikoak sustatzeko -859.000 euro-, horien artean, besteak beste, kultura-bonoa dagoelarik.

Piztu Kultura 2022ren aurkezpenean, iaz laguntza eskuratutako bi pertsona izan ziren; batetik, Helga Massetani, Bidasoako Atlas Emozionala bultzatzeko Olatuak Beka lortu zuena, eta bestetik, Cristina Fernández Palomo zaharberri-tzailea, kontserbaziorako planaren baitan erretaulen inbentario diagnostikoa egin duena.