- Peter von Kant

Antzezle nagusi Denis Menochet, Isabelle Adjani eta Hanna Schygulla ditu filmak, eta Petra von Kanten malko mingotsak (Die Bitteren tränen der Petra von Kant) lanaren "birsortze askea" dela adierazi zuten atzo jaialdiaren ordezkariek. Filma lehen jardunaldian estreinatuko da, otsailaren 10ean.

Zuzendari frantziarra seigarrenez izango da Berlinalean, Zilarrezko Hartza 8 femmes (8 emakume) filmarekin irabazi zuenetik hogei urte bete direnean. Gainera, filma horixe proiektatuko da aurten, Ohorezko Urrezko Hartza jasoko duen Isabelle Hupperten omenezko galan.

Ozonen azken parte hartzea 2019an izan zen Grace a Dieu (Eskerrak Jainkoari) filmarekin, eta harekin ere Epaimahaiaren Zilarrezko Hartza Sari Nagusia irabazi zuen.

Peter von Kant-ekin Fassbinderren izenburua erabili nahi izan du, nahiz eta protagonista bere konfinamenduan nahasitako gizon bihurtu, Berlinaleko zuzendari artistiko Carlo Chatrianek azaldu zuenez.

Berlinaleko zuzendaritzak, halaber, zinemaldia aurrez aurreko formatuan garatu ahal izateko eta, aldi berean, Alemaniako hiriburu eta hiri-estatuan indarrean dauden murrizketetara egokitu ahal izateko diseinatu duten kontzeptua azaldu nahi izan zuen. Hori kontuan izanik, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango den zinema aretoetara sartu ahal izateko, txertaketa jarraibide osoa eta covid test negatibo egin berria erakustea ezinbestekoak izango dira.

Berlinalea otsailaren 10ean hasiko da, eta hilaren 16rarte aurkeztuko dira, soilik Sail Ofizialeko zein gainerako lehiaketetako filmak, orduan banatuko baitira Hartzak eta bestelako sariak.

Beraz, filmak aurkezteko fasea sei jardunaldietara murriztuko da, ohiko hamarrak izan ordez. Azken lau egunetan, filmak jendaurreko saio irekietan eskainiko dituzte berriro, sarrerak ere ohiko prezioan ipiniz (10 euro inguruan). Aretoen edukiera %50era murriztuko da. Ez da jairik edo ospakizunik izango, baina alfonbra gorria bai, jarriko da, zuzendari, aktore eta gonbidatuentzat.

European Film Market (EFM), Berlinale Talents saila, eta zinematografia periferikoak laguntzeko World Cinema Fund, formatu digitalean baino ez dira egingo. "Berlinale egitea ahalbidetu nahi dugu, eta, egungo egoeraz jabetuta, lortuko dugula iruditzen zaigu", adierazi zuen Claudia Roth Kultura ministroak.