- Animadeba animaziozko zinemaren jaialdia irailaren 8tik 11ra bitartean ospatuko da aurten bere sorterrian, Deban. Atzo aurkeztu zuten hamalaugarren edizio honetan hamahiru herrialde desberdinetako 20 film labur lehiatuko dira ekimenaren bi atal nagusietan: Sail Nagusia eta Zuzendari Berriak UPV/EHU Saila.

Hautagaitzak aurkezteko epean zehar, Debako Udalak bultzatzen duen hitzordu honetarako munduko 88 herrialdetako 1.500 film labur proposamen jaso zituzten.

Sail Nagusirako aukeratutako hamar lanak bi egunetan emango dituzte, irailaren 10ean eta 11an 19.00etatik aurrera Kutxa Zurian. Honakoak dira laburmetrailak: Tio, Juan Medina (Mexiko, 2021); The Adventures of Gloria Scott: Murder in the Cathedral, Matija Pisa?cic, Tvrtko Raspolic (Kroazia, 2021); Only a Child, Simone Giampaolo (Suitza, 2020), Trona Pinnacles, Mathilde Parquet (Frantzia, 2020); Mouse, Noah Mauchly (Estatu Batuak, 2020); Who, what and when?, Francesco Vecchi (Italia, 2021); Precious, Paul Mas (Frantzia, 2020) eta False Memory, Shuyu Li eta Wenyu Liu (Txina, 2020).

Horiez gain, bi euskal film labur ere lehiatuko dira Sail Nagusian. Alde batetik, Alberto Vázquez zuzendari galiziarraren Homeless home, zeinak 2020ko ekainean Annecyko, Nazioarteko Animaziozko Film Zinemaldiko, epaimahaiaren saria jaso baitzuen. Sorgin, orko eta ogro baten arteko maitasun triangeluaren bidez, krisi ekonomikoaren ondorioz pertsona askoren jatorrizko lurraldera itzultzearen gaia jorratzen du film laburrak.

Bestalde, Ehiza izeneko lanak ere hartuko du parte Sail Nagusian. Hau azkena taldearen euskal animazioak nolabaiteko jarraipena ematen dio Rafael Ruiz Balerdi artista donostiarrak 1969. urtean egindako Homenaje a Tarzán. Capítulo I. La cazadora inconsciente animaziozko film labur esperimentalari, eta animalien harrapaketaren analogia erabiliz, gaur egun gertatzen diren egoera lazgarriak eta giza eskubideen urraketak salatzen ditu.

Horrez gain, Zuzendari Berriak sailean beste hamar sorkuntza lehiatuko dira irailaren 8an, eta nabarmentzekoa da aurten emakumezko zuzendarien presentzia atal honetan. Horien artean daude Sunitha Sangaré suitzarra Them lanarekin; Paz del Carre de la Portilla espainiarra Shame laburmetrailarekin; Claudia Munksgaard-Palmqvist danimarkarra Film Foundekin; Paola Sorrentino, Girls talk about football lanaren zuzendari italiarra edo Margrethe Danielsen norbegiarra, Pearl Diver film laburraren gidaria.

Estatu mailako bi estreinaldi ere eskainiko ditu aurten Animadebak. Alde batetik, Rémi Chayé zuzendariaren Calamity film luzea, zeinak 2020an Annecy Zinemaldian film onenaren saria jaso baitzuen; eta, bestetik, D'Artagnan eta hiru Mosketxakurrak filmaren euskarazko bertsioa.

Horrez gain, beraien 25. urteurrena dela eta, aurtengo zinemaldi gonbidatua Animac izango da eta zinemaldi horrek proposatutako bost proiekzio eskainiko dituzte Deban.

Interesa duenarentzat, sarrera guztiak animadeba.com webgunean salgai daude dagoeneko.