mirarte

Espainiako Filmategiak eskuratu du Ivan Zuluetaren artxibo pertsonal eta filmekoa

Materialaren artean, inoiz erakutsi ez diren donostiarraren zintak daude

25.08.2021 | 00:45
Ivan Zulueta zinegile donostiarra. Argazkia: Espainako Filmategia

Donostia – Espainiako Filmategiak bere funtsetara gehitu ditu Ivan Zulueta donostiarraren artxibo pertsonal eta filmekoa. Espainiar zinemagintzaren pertsonaia mitiko eta abangoardista honek bi film luze besterik ez ditu: Arrebato (1979) eta Un, dos, tres... al escondite inglés (1969). Filmoteca Españolako zuzendari Josetxo Cerdanek esan zuenez, "erakundearentzat benetako gertakizuna" da erosketa hori gauzatu izana; eta Super 8 eta 16 mm-tako film-karreteen presentzia nabarmendu zuen, horietako zenbait publikoki inoiz proiektatu ez diren materialak, asmo filmiko argia izan arren.

"Zulueta Espainiar zinemagintzako figura mitiko horietako bat da, zinematografia-lan urria izan arren, zinemazale askoren artean gurtzakoa, gure herrialdean eta baita kanpoan ere", adierazi zuen Cerdanek, eta ilustratzaile "bikaina" izan zela ere gogorarazi nahi izan zuen, bere lana esparru askotan burutuz: zinemako kartelak, diskoen karatulak, bai eta liburuen azalak ere.

Bere funts zinematografikoei buruzko dokumentazioaren artean, izaera pertsonal eta familiarreko dokumentuak daude, besteak beste, Zinema Eskola Ofizialean (EOC) zebilela praktiketan egindako gidoi bat; baita sorkuntza lanak ere: zirriborroak, kartelak edo marrazkiak; prentsa-laginak, eta Terenci Moix, Will More, Carmen Giralt edo José Luis Borau bezalako pertsonaia ospetsuekin trukatutako korrespondentzia.

Polaroid argazkien presentzia ere nabarmentzekoa da. Esperimentazio-iturri agorrezina aurkitu zuen Zuluetak formatu horretan, objektuen eta panpinen konposizioen bidez irudimenezko istorio txikiak sortzeko.

Film-funtsen dokumentazioari dagokionez, artxiboan S8mm formatuko funtsezko piezak daude, bai eta 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean filmatutako, 8mm, 16mm eta 35mm-koak ere. Horien artean badira fikziozko lanak edo lan esperimentalak, bileren eta ospakizunen filmazioak, non pertsonaia ezagunak agertzen diren; edo zenbait obra egiteko eraikuntza materialak, bazterketak eta frogak, esate baterako, egundaino desagertuta jarraitzen duen Souvenir muntatzeko erabili zen materialaren zati batzuk.

Bi film luzeez gain, Zuluetaren ikus-entzunezko lanean badira hamabi bat film labur, 1964 eta 1978 artean Super 8 eta 16mm filmatutakoak; garai hartako joera artistiko eta musikalei buruzko Último grito (1968) telesailaren ikusmoldea eta errealizazioa, eta Espainiar Telebistako bi programetarako egin zituen atal bana Parpados (1989) eta Ritesti (1992).Zuluetaren lana abangoardian kokatu zen beti, zinema espainiarra Pop Art-a bezalako Ipar Amerikako mugimendu artistiko aurreratuenekin lotuz.

noticias de noticiasdegipuzkoa