Txomin Artola azken hilabeteotan Et Incarnatus orkestrarekin lankidetzan aritu da, bere abesti ospetsuenekin antologia bat osatzeko. Lan horren ondorioak, liburu bat eta diska bat, Txomin Artola Et Incarnatus Est izenarekin aurkeztuko dira datorren ekainaren 4ean Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan, arratsaldeko 19.00etan.

Ekitaldiaren aurkezpena atzo burutu zuten Artolak, Migel Zeberio Et Incarnatus orkestraren zuzendari eta antologiaren bultzatzaile eta koordinatzaileak eta Juan Luis Silanes Hondarribiko Kultura zinegotziak.

Antologian sartu diren Artolaren hamalau kanten hautaketa, Zeberiok azaldu zuenez, ez zen prozesu erraza izan. "Sartu direnak, ordea, nahitaez sartzekoak ziren", zioen proiektuaren koordinatzaileak, diska autore hondarribiarraren ibilbide oparoaren "isla egokia" dela azpimarratuz. Proiektuaren sorrerari dagokionez, Zeberiok bere ideiaren lehen pausoak nolakoak izan ziren kontatu zuen ere: "Nabarmena den bezela, Txomin erretiratuta zegoen eszenatokietatik, eta lehendabiziko lana bera konbentzitzea izan zen".

Ostiral honetan Artolak bere semearekin Itsas Etxean hiruzpalau kanta eskainiko baditu ere, udara ostean zuzenezko ekitaldi osoagoak eskaintzeko asmoetan dabilela gehitu zuen Zeberiok. "Lehenengoa, noski, Hondarribian izango litzake", eta gero Euskal Herriko hiriburuak bisitatzea izango zen ideia, "gutxienez Donostia eta Bilbo".

Artolak, bere aldetik, "zintzoki eta oso sakonki" eman izan nahi zizkien eskerrak Zeberiori eta Koldo Juaristiri, antologiaren bultzazaile nagusiak, eta Hondarribiko Udalari. "Udaletxearen jarrera pasada bat izan da, esfortzu oso handia egin baitu hau aurrera ateratzeko", zioen abeslariak. Sektore kulturalak "ezengonkortasun askoko" denbora bat bizi-tzen ari dela adierazi zuen hondarribiarrak, proiektuaren "ausardia" goraipatuz eta eskertuz.

"Migelek orkestra batekin lan egingo nuela esan zidanean niretzat amets bat bezela izan zen", jarraitu zuen Artolak, ekimenean parte hartu duten musikarien "profesionaltasuna" eta hauen artean sortutako "giro berezia" nabarmenduz.

Silanesek Artolaren abestiak "euskaldunon soinu-bandaren ezinbesteko zatia" direla kontsideratu zuen. "Ekitaldi ederra izango da ostiralekoa eta pena bat da gaur egun abian dauzkagun osasun neurriekin edukiera txikia izatea, 122 lagunekoa, baina ez daukagu beste aukerarik", zioen zinegotziak. Ekitaldirako sarrerak ohiko bideetatik daude eskuragai; hau da, ticket.kutxabank.es webgunean edota Arma Plazako turismo bulegoan.