Xabier Amuriza, Josu Naberan, Juan Mari Zulaika eta Eduard Fornés 70eko hamarkadan Zamorako apaiz kartzelan preso egondako lau elizgizon ohiek dira eta bertara egin zuten bidaia 2019ko irailean, berriz ziegara sartu nahian. Oroitza ariketa katartiko hori da, hain zuzen ere, Apaiz kartzela dokumentalaren bizkarrezurra, eta gaur estreinatuko da Giza Eskubideen Zinemaldian. David Pallarések, Ritxi Lizartzak eta Oier Aranzabalek sinatzen dute dokumentalaren zuzendaritza eta NOTICIAS DE GIPUZKOAk azken honekin hitz egin du ikus-entzunezkoaren harira: "Apaiz ohiek memoria ariketa bat egin behar zuten eta memoria ariketa pertsonal horretatik abiatuta, memoria ariketa kolektibo bat bilatzen du dokumentalak. Istorioak kontatzea memoria egiteko modu bat da. Gure erantzukizuna da herri bezala geure partea kontatzea, bestela beste norbaitek egingo baitu".
Zamorako apaiz kartzela 1968. urtean ireki zen, diktaduraren eta Vatikanoaren arteko konkordatuak ahalbidetuta. Eliz Legeek debekatu egiten zuten elizgizonak preso arruntekin kartzelatuak izatea; komentuetan giltzapetu ohi zituzten. 60ko hamarkadan frankismoaren aurka eta langile mugimenduaren alde borrokatzeagatik zigortuak izan ziren euskal apaiz eta fraideek ordea, ez zuten abadietan konfinatuak egoteko inolako intentziorik. Honenbestez, diktadurak, aita santuaren bedeinkazioarekin, Zamoran espetxeratu zituen, preso arruntetatik aparte egokitutako pabiloi batean. 1968 eta 1976 bitartean 50 elizgizon inguru behartu zituzten pareta haien artean bizitzera. Ziegak, jada, ez du egoiliarrik, eta ateak itxirik dirau, hormatuta, ahanzturaren bidean.
Nola sartu itxita dagoen kartzela batera? "Lokalizazio lanetarako, legez kanpo sartu ginen kartzelara, bahimenik gabe, leiho batetik", dio irribarrez Aranzabalek. Apaizek aipatutako pabiloia aurkitu nahi izan zuen filmaketa taldeak: "Asmatu egin genuen eta jabetu ginen bertako irudiak ikaragarriak zirela. Argi zegoen hara sartu behar genuela, protagonistek kartzelan gertatutako guztia kontatzeko". "Kartzela zen muina eta hor geneukan", gehitu du zuzendari eta kazetariak; horregatik jartzen ditu filmak kartzela eta elizgizon haien iragana aurrez aurre. Hasiera batean ez zuten lortu espetxean filmatzeko baimenik, baina EAJko diputatu Aitor Estebanen laguntzarekin lortu zuten kartzelaren ateak beste behingoz eta, ziurrenik azkenekoz, zabaltzea: "Kartzela hormatuta dago, badirudi inork ez duela gogoratu nahi han gertatutakoa. Nola egon ote ziren hainbat eta hainbat preso politiko, kasu honetan apaizak, munduan ezagutzen den apaizentzako kartzela bakarrean".
"Lehenengo kolpea" filmatzea bilatu nahi zuten, apaiz ohiek lehenengo aldiz kartzelarekin aurrez aurre aurkitu zireneko momentu hori. "Oroitzapenak etortzen hasi ziren", nahiz eta haien pabiloia denborarekin aldatuta egon, apaiz kartzela izateari utzi zionean berritu egin baitzuten. Beste gauza asko haiek utzita bezalaxe zeuden, "eta hori ere, ederra izan zen". "Guk ere jakin nahi genuen tunela non egin zuten, nola hasi ote zen matxinada...", azaldu du.
Joan diren apaizak, gogoan
Ekoizpen prozesuan elkarrizketatu baina bidean zendu diren apaiz eta elizgizon ohiak ere izan ditu gogoan Aranzabalek: "Gogoan dut lehenengo elkarrizketa. Periko Berrioategortuari egin nion eta gero hil egin zen; ez du pelikula ikusi. Bera bezala, Julen Kaltzada eta beste asko. Haiek gogoan izan eta oraindik gure artean daudenei merezitako aitortza egin nahi nieke".