- Remigio Mendibururen (Hondarribia, 1931 - Bartzelona, 1990) Txalaparta (1965) eskultura txertatu du San Telmo Museoak bere bilduman eta erakusketa iraunkorrean, hain zuzen, Euskal Artea aretoan.

Lan hau Mendibururen obraren eta euskal artearen pieza "esanguratsua" dela jakinarazi zuen Susana Sotok, San Telmo Museoko zuzendariak, atzoko aurkezpenean. Haren ondoan izan ziren Juan Pablo Huércanos, Oteiza Museoko zuzendariordea; Jon Insausti, Donostiako Kultura zinegotzia; eta Inotsi eta Hutsune Mendiburu, eskultorearen alabak.

Museoak artistaren familiari erosi dio obra eta haren lanak kontserbatzeko eta ezagutzera emateko egiten duen lana nabarmendu zuen. Izan ere, familiak berak erraztu du Txalaparta San Telmo Museoko bildumaren parte izatea.

Museoak aurretik bazituen Mendibururen lan batzuk bere erakusketa iraunkorrean: Burua (1979) eta Izenbururik gabe (1973-1974), besteak beste. Baina Txalaparta obrak 1960ko hamarkadako arte eta eskultura mugimenduari eskainitako eremua aberastu eta osatuko du. Gainera, Ez Dok Amairu (1960-70) musika mugimenduaren ikono eta logoa izan zen.

Garaiko artistek kultura tradizionalaren sinboloak unean uneko hizkuntzetara egokitzeko egin zuten lana islatzen du eskulturak. Obra honek Oteiza, Chillida, Amable, Arias, Sistiaga, Zumeta, Basterretxea eta Ruiz Balerdiren lanekin partekatuko du lekua museoan.

Mendiburuk zurezko habeekin egin zuen lehen lanetako bat da. Eskultoreak material organiko horrekiko eta herri kulturako elementuekiko zuen interesaren isla da, poetikoki zein kontzeptualki. Musika-tresnaren kolpearen kadentziari buruz egindako hausnarketa bisuala da.

1965ean aurkeztu zen lehen aldiz Madrilgo Neblí Aretoan, eta urtebete geroago, Donostiako Barandiaran galerian, Gaur erakusketan. Lanak sortu zuen miresmena zela-eta, 1967an Nestor Basterretxea eskultoreak Ez Dok Amairu musika mugimenduaren logotipo eta ikur bilakatu zuen. Horrela, Gaur proiektu artistikoak lortu nahi zuen erresinbolizazio-funtzioa bete zuen eta artearen lurraldea interakzio sozial handiagoko testuinguru berrietara hedatu zuen.

Obra Madrilen eta Donostian aurkeztu ostean, beste erakusketa askotan ere egon izan da: Bilboko Arte Ederren Museoko Gaur eta Emen Taldeak erakusketan (1966) eta Veneziako Bienalean (1966), esaterako. San Telmo Museoan ere ikusi ahal izan da: 1989an, artistari buruzko erakusketa monografiko batean, eta, oraintsuago, 1966/Gaur konstelazioak/2016 erakusketan, museoak eta Donostia 2016k antolatuta. Azken erakusketa Gaur, 1966: L'art basque en resistance = Euskal arte ihardukitzailea da, Baionako Euskal Museoan (2018).

Txalapartaren ospea ikusirik, obraren arrastoa eskultorearen ondorengo lanetan ere islatu ohi izan da, baina bere izaera artistikotik harago, euskal kulturaren pieza ikonikoa bihurtu zen.

Hortaz, Huércanosek Txalaparta eskultura San Telmo Museoan egoteak duen "garrantzia" azpimarratu eta Euskal Artea aretoan egotea nabarmendu nahi izan zuen: "Txalaparta ez da artelan eder bat soilik, euskal kulturaren ikurra eta ikonoa ere bada". Mendibururen hitzak ere jaso zituen: "Joko dut txalaparta pozez, gure konkortasuna zuzentzeko gau hotz luze honetan".

San Telmo Museoak, bestalde, Fernando Golvanori enkargatutako ikerketa argitaratuko du bere webgunean: Mendibururen Txalaparta: enblema eskultoriko eta kulturala.

Madril. Neblí Aretoa (1965).

Donostia. Barandiaran galeriako Gaur erakusketa (1966).

Bilbo. Bilboko Arte Ederren Museoko Gaur eta Emen Taldeak erakusketa (1966).

Venezia. Bienala (1966).

Donostia. San Telmo Museoa (1989).

Donostia. 1966/Gaur konstelazioak/2016 San Telmo Museoak eta Donostia 2016k antolatuta (2016).

Baiona. Gaur, 1966: L'art basque en resistance=Euskal arte ihardukitzailea, Euskal Museoak antolatuta (2018).

"Lan hau Mendibururen obraren eta euskal artearen pieza esanguratsua da"

San Telmo Museoko zuzendaria

"Txalaparta' ez da artelan eder bat soilik, euskal kulturaren ikurra eta ikonoa ere bada"

Oteiza Museoko zuzendariordea