Antton Arrieta ikerlariak urte luzez aztertu ditu Euskal Herriko gazteluak eta, laster, horiei buruzko liburuki berri bat kaleratuko du Gipuzkoako errolda eguneratuarekin.

27 urte daramatza Arrietak hainbat tankerako eraikinen aztarnak ikuskatzen. Lan horren guztiaren sintesi bezala, aurki argitaratuko duen liburuaren zenbait aurrekari kaleratu ditu. 2003. urtean, esaterako, Euskal Herriko 101 gaztelu izeneko lana eman zuen argitara. Gainera, 2006an, orain agortuta dagoen Gipuzkoako gazteluak ere argitaratu zuen -Bizkaiak eta Arabak ere badute berariazko liburuki bana-. Bertan, herrialdean hamabi zeudela frogatu zuen; orain, ordea, zerrenda eguneratu ondoren, “gutxienez” 20 badaudela baieztatu du Arrietak, batez beste 100 kilometro koadroko gaztelu bana; “askotxo dira”. “Errolda egin eta gero galdera asko sortzen dira”, aitortu du ikerlariak.

Gaztelu bat ontzat emateko, erreferentzia egiten dioten iturri ezberdineko bi agiri behar dira. Horretaz gain, aztarnak, noski, eta toponimia ere oso “lagungarri” dira. Adibidez, 2016tik hona Arrietak eta bere lantaldeak erroldara gehitu dituzten sei gazteluetako bakoitzean -Andoaingo Baltzun, Aretxabaleta/Oñatiko Urropea, Arrasateko Udala, Elgoibarko Ermuaran, Oñatiko Artia eta Zeraingo Aizpea- hiru froga horietako adibideak baliatu dituzte on-tzat emateko.

Bestalde, balizko beste hainbeste proposatu ditu, etorkizunean bere izaera baieztatuko duen dokumentu edo frogaren baten esperoan -aztarnak badaude, baina ezin guztiz demostratu-.

Baina gatozen muinera, izenburuko galdera horri erantzun bat ematera. “Gure borroka gaztelu bat zer den azaltzea da. Kalean, militar kutsua duen guztiari ematen diogu gaztelu izena. Askotan ez da hori ere izaten”, dio Arrietak. Euskaltzaindiak ematen duen azalpenetik hurbil dago historiagilearena: “Hirigunerik biltzen ez duen eta barruti bat sortzen duen dorre eta hormen arteko konbinazio bat da gaztelua”. Hori bai, epe konkretu bat gehitu behar zaio definizioari. Azken batean, gaztelu izateko, Erdi Aroan eraikitako gotorlekua izan behar duela dio Arrietak. Halere, malgua izan behar dela zehaztu du adituak, bestela leizeko eta mendi-kaskoko gazteluak kanpo geratuko bailirateke.

Aztertu dituzten gainerako herrialdeetako gotorlekuekin alderatuta, Gipuzkoakoek berezitasunik badutela azpimarratu du historialariak. Egindako ikerketek, eta are gehiago, balizko gazteluen kokapena kontuan hartuta, gure lurraldeko gazteluak abelbideen kokapenarekin erlazionaturik daudeneko hipotesia sendotzen dute. Bestalde, herrialdean ez da aurkitu handikien egoitza izandako gaztelurik.

“Gaztelu bati egin diezaiokegun galdera nagusiena honakoa da: zergatik eraiki dute?”, dio Gordailuko zuzendari izandakoak. Baina, honekin erlazionaturik, badago beste itaun garrantzitsu bat: “Zergatik mantendu zuten?”. “Ez dakigu, baina, antza, Gipuzkoan XIV. menderako, gaztelu gehienak baztertuta zeuden; bestela horiek edo haien gaztelu-buruak, ziurrenik, agirietan agertuko ziren”, dio.

Aitzitik, gutxi batzuen erabilpena aldatu egin zen. Hori gertatu zen Donostian eta Hondarribian -biak fuerte bilakatu ziren-, eta baita San Adriango gazteluarekin ere.

Definiziotik tiraka, beste ezberdintasun bat nabarmendu nahi du. XVI. mendetik aurrerako fuerteak ezberdindu egin nahi ditu gazteluengandik, artilleriari aurre egiteko diseinatutako gotorlekuak direlako: “Euskal Herrian hauetako askotxo daude, mila baino gehiago”. Gerora etorri ziren mota honetako eraikinak, altura galtzen joan ziren, dorrea ere galdu zuten, eta galeria edo lurrazpiko bunkerrei eman zitzaien bide.

Albiztur: Mendikute.

Andoain: Baltzungo gaztelua.

Aretxabaleta/Oñati: Urropea.

Arrasate: Arrasateko gaztelua.

Arrasate/Elorrio (Bizkaia): Udala gaztelua.

Ataun: Ataungo gaztelua.

Bergara: Iriaun.

Donostia: Donostiako gaztelua.

Elgoibar: Ermuarango gaztelua.

Eskoriatza: Aitzorrotz.

Hondarribia: Hondarribiko gaztelua.

Irun: Behobia.

Itsasondo/Beasain: Azarikume gaztelua.

Oiartzun: Beloaga.

Oñati: Artiako gaztelua.

Partzuergo nagusia: San Adrian.

Partzuergo txikia: Gazteluberri.

Pasaia: Pasaiako gaztelua.

Zaldibia/Abaltzisketa: Ausa.

Zerain: Aizpeako gaztelua.

Arrietaren arabera, Gipuzkoako gazteluen kokapenak abelbideekin erlazioa zutela dioen hipotesia sendotzen du