Bi hamarkadaurte hauetan Alos Quartet taldea izan denaren "testamentu" modukoa da 20 urte zuzenean diskoa Xabier Zeberio taldekidearentzat. "Lan honek benetan ondo jasotzen du Alos Quartet zer den. Bereziki zuzeneko talde bat gara eta xarma hori diskoan gordeta dago. Gainera, gonbidatuek ematen dioten kolore berezi horrekin 20 urte hauetan Alosek eskaini duenaren testamentu bat sortu da", azpimarratu zuen atzo Zeberiok Donostian, diskoaren aurkezpenean.

Taldearen ibilbidean bakarkako bosgarren lana da eta lau emanalditan grabatutako 18 konposizio jasotzen ditu. Lehen kontzertua Gasteizko Principal Antzokian eman zuten, Aitzinafolk jaialdian. Bigarrena Donostiako Victoria Eugenian; hurrengoa Tolosako Leidorren, eta azkena, orain hilabete Bilboko Azkuna Zentroan, Loraldia jaialdian. Kontzertu horiek taldekideei ezer esan gabe grabatu zituen Phocasek, eta pieza guztien artean aukeraketa egin ostean, 75 minutuko albuma osatu dute azkenean.

Gasteizko lehenengo kontzertua grabatuta entzundakoan jabetu zen taldea horrelako lan bat egitearen balioaz. "Konturatu ginen oso material berezia zela eta plazara-tzeak mereziko zuela. Estudioko diskoek badute bere xarma, ez ordea zuzeneko magiarik eta publikoaren berotasunik", nabarmendu zuen Zeberiok.

"Zorionez, ibilbide honetan bidelagun izan ditugun hainbat artista gurekin egon ziren kontzertu haietan", aipatu zuen. Aitzinafolken, adibidez, Hertzainak taldeko Josu Zabala eta Gari. "Beraiekin oso gauza berezia egin genuen, izan ere, Aitormena kantu mitikoaren bertsioa egiteko aukera izan baikenuen", esan zuen. Hasieratik bidelagun izan duten Oreka TX ere kontzertuetan izan zen; Izaro abeslaria, Gorka Hermosa akordeoilaria, Aitor Etxebarria musikaria, Iñigo Egia perkusionista eta Ivan Alzate baxu-jotzailearekin batera.

Gainera, Loraldia jaialdian, garai batean Zeberiok parte hartzen zuen Oskorri taldeko Natxo de Felipe, Anton Latxa eta Bixente Martinez ere eurekin izan ziren gonbidatu berezi gisa. "Oskorriren bi kantu moldatu genituen kontzertu horretarako eta horrela lortu dugu elkarlanean disko hau egitea", adierazi zuen.

Gonbidatuen parte hartzeaz gain, Alos Quartet oso pozik agertu da 20. urteurrena publikoarekin ospatzeko aukera izan duelako. "Kontzertuetan oso une bereziak bizi izan genituen. Ez gara folk talde bat edo modako talde bat, inoiz ez gara izan. Baina, hari laukote batek horrelako ospakizunean publikoaren berotasuna sentitzea, eta hori disko batean gordetzea altxorra da", azaldu zuen Zeberiok.

Inoiz entzun ez duenarentzat ere, disko honek "inoiz baino argiago" adierazten omen du Alos Quarteten esentzia: "Inoiz grabatu ez ditugun kantuak, zuzeneko bertsio berriak, eta gure disko guztietako kantuen aukeraketa jasotzen dira hemen".

Publiko guztiari 20 urte hauetan egindakoaren testamentua uzteaz gain, elkartasun keinu bat ere egin nahi izan du taldeak. Azken urteetan taldeak oso lankidetza estua izan du Gasteizko Aitzinafolk jaialdiarekin eta ikuskizun berria ere bertan aurkeztu zuten. "Izan duten begirunea eskertuz, gure diskoko 300 ale Aitzinafolk jaialdiaren antolatzaileei eman dizkiegu, ataxia gaixotasunaren ikerkuntzan laguntzeko", azaldu zuen Zeberiok. Bestalde, Bilboko Azkuna Zentroan eskainitako kon-tzertua larunbat honetan ikusi ahal izango da ETB 1-en.

Alos Quarteten testamentuak luzatzen jarraitzeko espaziorik badu oraindik, taldeak hemendik aurrera ere lanean jarraituko duela baieztatu baitu.