mirarte

Kultura eta sormenaren aldeko apustua berretsi dute Alkizan

Udal aurrekontuak izan dituen murrizketen gainetik, Sormenaren Kabia beka indartu dute

04.06.2020 | 01:12
Iñaki Irazabalbeitia alkatea eta epaimahaikideak, atzo Alkizako Ur Mara Museoan.

Alkiza – Ez dira garai samurrak udal txikietako aurrekontu ahulentzat. Kulturak lehentasunen zerrendan izan ohi duen tokiari erreparatzen badiogu, gainera, ulertzekoa da Alkizako Sormenaren Kabia bekaren hirugarren edizioak bertan behera geratzeko izan duen arriskua. Kultur-sorkuntza hauspotzen jarraitzeko erabakia hartu du, ordea, Alkizako Udalak eta aurten, gainera, bi artista aukeratuek Tolosaldeko herri honetan egingo duten egonaldiak astebete gehiago iraungo du.

"Nahiz eta egoera berezian egon, Alkizan garbi daukagu kulturaren apustua egin behar dugula eta ekimen honi eutsiz erakusten dugu, nahiz eta udal aurrekontua murriztu egin den eta, are gehiago, bekaren eragina areagotuko dugu. Izan ere, murrizketak eta kultura ez daude elkarren kontra; kultura ere bada ekonomia eta badira zergak", esan zuen atzo Inaki Irazabalbeitia alkateak Koldobika Jauregi artistak Alkizan duen Ur Mara Museoan egindako aurkezpenean.

Hirugarren edizioa, beraz, indar-tsu dator. Aurtengo berrikuntzak izango dira egonaldiaren iraupena eta artisten lantokia. Lehenengo bi edizioetan parte hartu duten sor-tzaileen aholkuak aintzat hartuz, aurten egonaldiak astebete gehiago iraungo du, alegia, hiru aste. Artistek toki propio bat Alkizako plazan beren lana garatzeko eta herritarrekin harremantzeko.

Kultura eta arte-sorkuntza hirietatik deszentralizatzeko asmoz 2017 urtean sortu zen egitasmoak honako baliabideak eskaintzen dizkie hautatuak diren artistei: lanerako espazioak, aholkularitza artistikoa; izaera bereko beste hainbat proiektu ezagutzeko erraztasunak; euren lana ezagutzera emateko berariaz egindako ikus-entzunezko bat, ostatua eta 1.000 euroko saria.

Aurkeztutako lan guztien artetik bi aukeratuko dira. Zeregin horretarako, antolakuntzak lau kidez osatutako epaimahaia osatu du: Aizpea Goenaga Mendiola, zinema-zuzendari, idazle eta aktorea; Koldobika Jauregi Zinkunegi eskultorea; Nagore Legarreta Alcelay argazkilaria; eta Xabier Artola Zubillaga informatikan doktorea eta argazkilaria.

Izena emateko epea bihar hasi eta uztailaren 5era bitartean egongo da zabalik. Alkizako Udalaren webgunean (www.alkiza.eus) eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean (www.fagus-alkiza.com) oinarriak ikusgai daude.

Gastronomiarekin bat Aurten Alkizako beste eragile bat ere batu da ekimenera: Ekotalo enpresak. Izan ere, gastronomia eta sormena uztartuko ditu Sormenaren Kabia proiektuak. Atzoko aurkezpenean Alkizako Herri Ostatuko sukaldaria den Markos Estebanek eta Ekotaloko Julen Altzelaik elkarlanean sortu duten Alkizako Kabia kutixia aurkeztu zuten, ospakizun eta egun berezietan dastagai izango den mokadua.

Eragile publiko zein pribatuen artean sortutak ekimena da Sormenaren Kabia. Bat egin dute aurtengo edizioan Alkizako Udalak, Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak, Alkizako Ostatuak, Lete Apartamentuak, Inazio Urruzola Txakolindegiak, Ekotalok eta Koldobika Jauregiren Ur Mara Museoak.

Aurten egonaldiaren iraupena hiru astera luzatuko da eta artistek Alkizako plazan garatuko dute beren sorkuntza-lana