umarragako Trikitixak 100 urte beteko ditu ekainean. Gipuzkoan, musika talde gutxik dituzte urte gehiago. Trikitilarien artean, beteranoenak dira. Mende oso bat daramate Euskal Herria alaitzen. Hiri eta herri gehienetan jo dute. Guztietara alaitasuna eta bizipoza eraman dituzte, beti. Herri askotako jaietan ezinbestekoak dira dagoeneko, urtero joaten baitira, aspalditik. Horretaz guztiaz gain, Zumarragako sinbolo bat dira. Herri honek inoiz izan duen enbaxadore onenak dira. Zumarragako Udalak hainbat ekitaldi antolatu zituen mendeurrena ospatzeko, baina datorren urtera arte atzeratu dira koronabirusa dela eta. Koronabirusak jai du: txertoa aurkituko dute edo bereak egingo du eta Zumarragako Trikitixak hor jarraituko du.

Zumarragako Trikitixa Joxe Oria panderojoleak sortu zuen, 1920an. Zumarragar honek panderoa eta erromeriak odolean zeramatzan. Izan ere, bere ama, Francisca Antonia Irizar ezkiotarra, panderojolea zen.

Oriak musikarako dohain apartak zituen eta ahotsa heztera eraman nahi izan zuten, baina amaren pausoak jarraitzea erabaki zuen. Soinujole askorekin ibili zen:? Benigno Berezibar Kanpazar (Elorrio), Joxe Larrañaga Etxesa-Korta (Elosua), Felipe Mondragon Errosta (Oñati), Carlos Egiguren (Azpeitia), Kandido Beristain (Azkoitia), Alejandro Telleria Gorriz (Antzuola) eta Joxe Migel Ormazabalekin (Zegama) jo zuen.

Beti Zumarragako Trikitixa izenarekin. Normalean alderantziz izaten da: soinujolea izaten da bikoteari izena ematen diona. Soinujoleek panderojoleek baino protagonismo handiagoa izaten dute, baina kasu honetan Oria zen taldearen ardatza. Gainera, disko zaharretan zuzendaria Joxe Oria dela jartzen du eta ez du jartzen soinujolea nor zen.

Oria bere arreba Mariarekin eta honen senarrarekin, Joxe Migel Urteagarekin, bizi zen. Hauek zortzi seme-alaba izan zituzten: bi neska eta sei mutil. Trikitilari artean hazi ziren eta sei mutiletatik lauk, trikitixa jo zuten: Joxe (2017an hil zen), Inixio, Sebe eta Migelek. Oriak hil arte jo zuen panderoa. 1946an hil zen, Zumarragako Trikitixak jarraipena izango zuela ziurtatuta.

Urteagatarrek, Ormazabalen lagun-tzarekin, beraien osabak hasitako bidea jarraitu zuten. Beste trikitilari familia batzuetan ere transmisioa eman da, baina ez dago beraiek bezainbeste urte daraman familiarik.

Horregatik ez ezik, Zumarragako Trikitixa beste arrazoi batzuengatik ere berezia da. Hasteko, trikitixa uler-tzeko era berezia dute. Kaleko eta tabernetako giroa bizi izan dute beti, etorkin asko zituen herri handi samar batekoak baitira. Zumarragako Trikitixa sortu aurretik, trikitixa baserri giroan jotzen zen.

Bestalde, zumarragarrek trikitixa Euskal Herriko hiri eta herri gehienetara eraman zuten. Migelek Euskal Herriko bazter guztietan jo du. Herri askotan eman dizkiete oroigarriak, 50 aldiz baino gehiagotan jotzeagatik. Etxea oroigarriz josia du. “Gipuzkoako herri gehienetan jo dugu. Araban, Bizkaian eta Nafarroan ere dezente jo dugu. Eta Iparralden, askotan: Hendaian, Baionan, Donibane Lohitzunen eta Miarritzen batez ere”.

Horretaz gain, beraien soinua jo-tzeko modua berezia izan da, Ormazabal ez baitzen Azkoitiko eskolakoa. Eta Ormazabalek irakatsi zion soinua jotzen urte askotan Zumarragako Trikitixako soinujolea izan zen Joxe Urteagari.

Gainera, hasieratik diskoak grabatu zituzten. Garai hartan ez zen batere ohikoa. Lehenengoa 1922an grabatu zuten, Oriak eta Etxesa-Kortak. “Donostian grabatu zuten eta estudioan Secundino Esnaola zumarragarra azaldu zen. Donostiako Orfeoiko zuzendaria zen eta osabaren laguna. Osabak taldeari ze izen jarri ez zekiela esan zion Esnaolari eta honek Zumarragako Trikitixa jartzea proposatu zion”, kontatu du Migelek.

Gerra aurretik, Oriak disko gehiago grabatu zituen. Bere kantu batzuen hitzek mezu politikoa zuten eta gerra garaian debekatu egin zituzten. Oriaren ilobek ere diskoak grabatu zituzten. Kalean eta tabernetan jotzeari, euren izaerari eta diskoei esker, Zumarragako Trikitixak sekulako sona lortu zuen. Tabernetan, trikitixa bakarrik jo beharrean, bertan zeuden guztiak girotzeko moduko musika jotzen zuten. Horretan ere aitzindariak izan ziren. Egun, asko dira hainbat musika mota jotzen dituzten trikitilariak.

Festan edo tabernan bildutako jendearen ezaugarri eta nahietara egokitzen zirenez, gaztelaniaz ere abesten zuten. Kritikak jaso zituzten horregatik, baina urte ilun haietan Zumarragako Trikitixak lan handia egin zuen euskararen eta abertzaletasunaren alde. Urteaga anaiek trikitixa hirietara eta herri handietara eraman zuten eta erdaldun askok euskal musika eta mezu abertzaleak entzutea lortu zuten. Zenbait disko ateratzeko arazoak izan zituzten, abestien hitzak zirela eta.

Zailtasunak zailtasun, beraien izaerari eutsi zioten. Nekaezinak ziren, gainera. Migelek ez du erraz ahaztuko 1987ko uda hasiera. “Zumarragako Eitza auzoko bizilagunek autobus bat antolatu zuten, Realak Zaragozan jokatu zuen Kopako finala ikustera joateko. Joxe, Mikel eta hiruok beraiekin joan ginen. Hurrengo egunean itzuli ginen, 6.00etan. Bi ordu lo egin ondoren, dutxatu eta Ataunera joan ginen. Egun guztia eman genuen han, jotzen. Sekulako beroa egin zuen. San Pedro eguna zen eta 21.30ean Bergarara joan ginen jotzera. 1.00ak aldera bukatu genuen. Etxera itzuli, ohera sartu eta 9.00etan berriro Bergarara. Egun osoa eman genuen bertan. Hurrengo egunean (uztailaren 1ean) atseden hartu genuen, baina uztailaren 2an Zumarragako jaietako egun handia da, Santa Isabel eguna. Inoiz ez dut hain jota bukatu. Egia esan, askotan eman dugu egun bat baino gehiago etxetik kanpo, festa batetik bestera”.

Erromeriek behera egin zuten, baina Zumarragako Trikitixak hor jarraitzen du. Beti bezain alai eta umoretsu. Egun, Migel Urteagak, bere seme Kepak eta bere iloba Mikel Alustizak osatzen dute taldea. Migelek 81 urte bete ditu eta aurtengo Santa Isabel egunaren ondoren plazak uzteko asmoa zuen, baina datorren urteko Santa Isabel egunera arte jarraituko du. Ondoren, Mikelek eta Kepak jarraituko dute Joxe Oriak duela 100 urte hasitako bidea. Aupa mutilak!

Trikitixa baserri giroan jotzen zen eta Zumarragako Trikitixak kaleetara eta tabernetara eraman zuen

Joxe Oriak 1922an grabatu zuen lehen diskoa, Bergarako Elosua auzoko Joxe Larrañaga ‘Etxesa-Korta’ soinujolearekin