Bat-batean iritsi da aldaketa. Egun batetik bestera hustu dira antzokiak, zinemak, kontzertu aretoak eta musika estudioak. Liburu dendak eta liburutegiak ere itxita daude, eta lan asko saltokietako apaletan gelditu dira. Beste asko berriz, argitaratu ezinik. Kolpe gogorra izan da kulturarentzat koronabirusak eragindako alarma egoera. Irtenbideren baten bila dabiltza sortzaileak eta sektoreko langileak, zalantzaz beteriko etorkizun bati begira. Izan ere, gogor jo die inork espero ez zuen krisi honek literaturari, musikari eta arte eszenikoei, besteak beste.

Olatz Osa Elkar taldeko argitaletxeen zuzendariak adierazi du egoera honek “kalte handia” eragingo duela sektorean: “Liburu dendak itxita daudenez, gure diru-sarrerak %100ean erori dira”. Orain arte eman ez den errealitate baten aurrean daudela azpimarratu du, eta “oso muturrekoa” dela. Oraindik zehatz esaterik ez dagoen arren, egin dituzte galeren inguruko kalkuluak: “Itxialdiak irauten duenaren araberakoa izango da, eta ikusi egin beharko da zein neurritan eragingo duen honek jendearen erosketa mailan, kontsumoan eta ohituretan, baina salmentak %30 batean gutxienez jaitsiko direla aurreikusten ari gara”. Gaur gaurkoz, telelanaren bidez ari dira lanean Elkarren. Lanaldi murriztuarekin daude, jardueraren oinarrizko mailari eusten. Ahaleginak egiten ari dira proiektuek eta edizio planek “ahalik eta kalte gutxien” izan dezaten.

Hainbat liburu saltokietara iritsi berriak zeuden alarma egoera ezarri zenean. “Dendak irekitzean saiatuko gara horiei berriz ere ikusgarritasuna eta oihartzuna ematen, oharkabean pasa ez daitezen”, ziurtatu du Osak. Argitaratzeko zeudenei dagokienean, Elkar taldeko argitaletxeen zuzendariak azaldu du “lehenago edo beranduago” aterako dituztela: “Ikusi behar da noiz irekitzen diren liburu dendak, eta horren arabera erabaki beharko dugu edizio planak zein neurritan egokitu”. Argitalpen batzuk udazkenean edo datorren urtean atera beharko direla azaldu du. Argitalpenak atzeratzeak lanak pilatzea eragin dezake. “Ondo zaindu behar genuke guztiok, argitaletxe bakoitzak eta sektore osoak, horrelako pilaketarik gerta ez dadin, ez baitio onik egiten ez liburu bakoitzari, ez autoreei, ez argitaletxeei, ezta liburudendei ere”. Ezinbestean, lanen ikusgarritasunari eragingo diola adierazi du, baita salmentei ere, eta uste du sektoreko eragile guztiek saiakera bat egin behar dutela errealitate hori modu “ordenatu” eta “jasangarri” baten kudeatzeko. Bestela ere, kulturgintza sektoreak “zailtasun garrantzitsuak” dituela nabarmendu du, eta Osaren iritziz, etorkizuna ez da erraza izango. Laguntza instituzionala beharrezkoa dela deritzo, eta uste du aurrera egiteko gizartearen kultur kontsumoarekiko atxikimendua eta sektorearen berrikuntzarako ahalegina beharko direla.

Lehen lana argitaratzekotan zegoen Maddi Ane Txoperena konfinamendu garaia iritsi zenean. Apirilaren hasieran atera behar zuen Ene baitan bizi da liburua, baina atzeratu egin da argitalpena. “Pena pixka bat ematen dit, denbora asko egon bainaiz lanean, eta argitaratzeko gogoa daukat, baina egoera honetara moldatu behar gara”. Lanen pilaketari dagokionean, azaldu du, lehenbiziko liburua izanda, aukera daukala “itzalean” gelditzeko, baina aitortu du ez daukala aurreikuspen argirik: “Gertatuko dena gertatuko da”. Ofizioz kazetaria da Txoperena, eta aitortu du geldialdi honek beste kulturgile batzuei gehiago eragingo diela. “Konfinamendu garai honetan jendea asko ari da irakurtzen, ez dakigu jendeak ohitura horrekin jarraituko duen eta gure onerako izan daitekeen edo kontrakoa”, adierazi du.

ESZENATOKIKO ARGIAK ITZALITA Musikak ere nabaritu du koronabirusaren astindua. Iñaki Ortiz de Villalba Modus Operandi taldeko abeslaria da, eta azaldu du kontzertu dezente bertan behera utzi behar izan dituztela. Alarma egoera ezarri zen asteburuan hiru kontzertu eman behar zituzten Katalunian, Mutrikuko (Gipuzkoa) Berdel Egunean emanaldia zuten eta apirilaren amaieran bira bat Suitzan. Orain ezjakintasunean murgilduta daudela adierazi du: “Guk martxan jarraitzen dugu, eta kontzertuak emango ditugu aukera egonez gero, baina ez dakigu jaialdiak eta festak mantenduko diren ala ez”.

Bitartean, taldearen bigarren diskoarekin ari dira lanean. “Nahiko modu prekarioan ari gara, ezin baikara lokalean gelditu abestiak prestatzeko eta entseatzeko”. Etxetik egiten dute lan, eta ideiak partekatzen dituzte taldekideen artean. Orain sortutako lanak etorkizunerako “bozetoak” izango direla azaldu du Ortiz de Villalbak.

Modus Operandiko abeslariak azpimarratu du sektorean teknikariak, managerrak eta diskoetxeak ere badaudela, eta horiei ere zuzenean eragin diela geldialdiak. Gaztelupeko Hotsak diskoetxeko zuzendaria da Ubane Uzin, eta azaldu du erabateko geldiunea izan dela musika industrian. “Gure banatzaileak itxita daude, eta dendak ere bai, beraz, banatuta genituen disko ale asko galdutzat eman behar ditugu”. Horrez gain, oso zaila iruditzen zaio datozen hilabeteetan formatu handiko jaialdiak egitea, eta Euskal Herriko enpresei ere eragingo diela azaldu du: “Jaialdi handien babesean proiektu asko ditugu, eta hor goian daudenak gelditzen badira, gu ere gelditu egin beharko gara”. Azken urteetan garai zailak bizi izan dituztela azaldu du Uzinek.

Azken krisialditik ateratzen ari ziren momentuan, berriz hartu dute kolpea. “Nolabait buelta eman diogunean, berriz itzuli gara egoera berera edo okerrago batera”. Uzinek beharrezkotzat jo du sektorea “berrasmatzea”. Beste enpresa batzuekin harremanetan daudela azaldu du. “Ikusten gabiltza beste toki batzuetan zer egiten den gero gurean aplikatzeko”, zehaztu du.

Uzinen ustez, erakundeen aldetik laguntzarik jaso ezean, “sekulako triskantza” izango da kulturgintzan. Agintariei eskatu die “berehala” azaltzeko zein jarrera hartuko duten industria horren aurrean, sektoreko langileek nola jokatu jakin ahal izan dezaten. “Badirudi kulturgintza martxan jarriko den azken sektoreetako bat izango dela, eta hori kontuan izanda, esan dezatela zerbait”.

BUTAKA PATIOAK HUTSIK Martxoaren erdialdetik itxita daude antzokiak eta zinema aretoak. Filmen eta telesailen grabazioak ere geldirik daude uneotan. Hori dela eta, aktore asko langabezian gelditu dira, euren etorkizunarekin zer gertatuko den jakin gabe. Anartz Zuazua Euskal Aktoreen Batasuneko lehendakariaren esanetan, “sarraski handia” eragin du koronabirusaren krisiak arte eszenikoen sektorean: “Bat-batean eta inolako abisurik gabe gelditu gara langabezian”. Zuazuak azaldu duenez, aktore batzuek langabeziaren prestazioa eskatu dute, baina denak ez daude hori egiteko moduan. “Bultzatzen ari gara ERTE bat egin ahal izatea, guretzat oxigeno handia izango bailitzateke”.

Geldialdia kolpe gogorra izan dela aitortu du: “Lanbide hau aukeratu genuenean bagenekien bizitza ez zela izango erosotasunez betea, baina horrelako egoera bat sortzen denean lur jota gelditzen gara”. Zuazuak azaldu du geldialdiak luze jotzen ez badu, “buelta” emateko moduan egongo dela sektorea, baina denbora askoko kontua bada, enpresa askok itxi egin beharko dutela.

EABko lehendakariak nabaritu du programatzaileen aldetik asmoa dagoela bertan behera gelditu diren emanaldiak aurrerago eskaintzeko. “Hala ere, gure herrian daukagun errealitatea da hilean bi antzerki eskaintzen dituen udalerri batek ezin duela jasan gehiago izatea, ez baitago publikorik horretarako”. Azaldu duenez, udaberrian egin gabe gelditu diren ikuskizunak udazkenean egitea “oso zaila” da, gehiegizko eskaintza izango litzatekeelako. Filmekin eta telesailekin ez du uste hori gertatuko denik, ez baitago “horrenbesteko produkziorik”, eta ahal denean berrekingo diete grabaketei.

Hainbat kultur eragileren artean Zuzeneko Arteak Reset izeneko plataforma sortu dute COVID-19ak eragindako krisiari aurre egin nahian, eta hainbat neurri proposatzen dituzte. Besteak beste, udalei eskatu nahi diete emanaldiak bertan behera gelditu arren, taldeei gutxienez zehaztutako diruaren %35 ematea, gastuei aurre egin ahal izateko. “Urtean udalek diru partida bat bideratzen dute ikuskizunetara, eta kalkulatuta dute jada inbertsio hori”, azaldu du. Atzeratu diren ikuskizunen kasuan, ordainketaren %50 aurreratzea izango litzateke.

Horrez gain, aktoreen eta arte eszenikoen sektoreko langileen kezketako bat da BEZa. Zerga horren jaitsiera ere aspalditik ari dira aldarrikatzen. Kontratazioarena %21ean dago, eta %10era jaistea eskatzen dute: “Oso puntu garrantzitsua da, udalek ikuskizun gehiago kontratatzeko aukera izango bailukete, baten ordez bi eskaintzekoa”. Hortaz aparte, sarreren BEZa %10etik %4ra jaisteko eskaera ere egiten dute, publikoari ikuskizunetara joateko bidea errazteko.

“Ez dakit jendea konturatzen den kulturak duen garrantziaz, herri bat bere kulturarengatik baita herri”. Gizarteari eskatu nahi dio baloratzeko sektore horretan egiten den lana, baita kultura kontsumitzeko ohitura hartzeko ere. “Gure lanbideak ez dauka zentzurik publikorik gabe, eta hori da daukagun gabeziarik handienetakoa”. Zuazuak azaldu du askotan antzokietako butaka patioak une honetan kaleak dauden bezala egoten direla; hutsik eta isilik. Uste du oso ezberdina dela emanaldi bat publikorik gabe egitea edo eserleku guztiak beteta daudela eta horregatik egiten dio deia gizarteari. “Jendeari eskatuko nioke gure aldean eta gure alde jartzeko”.