donostia - Donostia Festibalak publiko gaztea erakarri nahi du musika urbanoaren baitan arrakasta gehien duten artistekin zerrenda osatuz. Aurreko edizioan 18.000 pertsonatik gora izan ziren Hipodromoan jaialdiaz gozatzen eta antolatzaileak harro daude aurten hamargarren ediziora iritsi izanagatik.

Aurten, musikari zerrenda interesgarria osatzeaz gain, Donostia Festibalak hainbat zerbitzu ere eskainiko ditu. Azken urteotan, asko handitu da jaialdiko ikus-en-tzule kopurua, Donostiatik eta Euskaditik kanpoko bisitari ugari etortzen hasi baita. Horregatik, hamargarren edizio honetan antolatutako bidaiez gain, kanpalekua ere izango du jaialdiak, eremuaren ondoan.

“Jende gazteak esperientzia desberdin bat bizitzea bilatzen du, ziur aski, gure belaunaldiarena ez bezalakoa”, azaldu zuen Serio Cruzado Donostia Festibaleko zuzendariak atzoko aurkezpenean. Oraindik ez dakite kanpalekua non kokatuko duten, “eskariaren araberakoa” izango baita. “Gazteek duten aurrekontua ikusita, jaialdira asteburu pasa etortzeko aukera izango dute, beraiengan pentsatuta ezarriko baititugu salneurriak”, adierazi zuen Cruzadok. Gainera, 11 urtetik beherako adingabeak doan sartu ahal izango dira jaialdian, heldu batekin batera etorriz.

Bestalde, hamargarren edizio honetan egun osorako musika programatu nahi dute eta horretarako Lasarten egun osoan ekitaldi desberdinak egingo dituzte: tailerrak eta hainbat motatako ekin-tzak, besteak beste.

Amaitzeko, urtero legez, Hipodromorako irisgarritasuna erosogoa gerta dadin, autobus zerbitzua areagotuko dute Donostia Festibala ospatzen den egunetan. “Egundoko jaialdia izan dadin lanean ari gara eta horrelakoa izango dela pentsa-tzen dugu”, amaitu zuen zuzendariak. - S.I.