Hainbat urtetan zehar idatzitako poemak biltzen hasi eta euren artean loturak zituztela konturatu zen Elena Olave (Durango, 1997). "Erreproduzitzen edo errepikatzen ziren ideiak behin eta berriz agertzen zirela ikusi nuen", dio idazle gazteak. Donostiako DK poesia lehiaketara aurkeztu zen poema horietako batzuekin eta finalista gelditu zen. Hala, Balea Zuria argitaletxea bere lanak liburu batean argitaratzeko prest agertu eta horren emaitza da Zeldak. Gorputz honetatik bere lehen poesia liburua. "Barne eta kanpo ezagutza prozesu baten ondotik sortutako liburu" bezala definitzen du bere egileak.

ZELDETAN ANTOLATUTA Louis Bourgeois eskultore frantziarrak bere lanean egin bezala, zeldetan antolatu du Olavek liburua. Batetik, Existentziaren egitura izeneko atala dago; bertan, existentziarekin eta izatearekin lotura duten poemak daude. Ostean datorren Logela Gorria atalak, ostera, giza harremanen inguruko konnotazio handiagoa du, hots, gizakien arteko harremanak edota eskuhartzeak ageri dira poemetan. Hirugarrenik, Azken goraldia atalean kontzientzia galtzea eta heriotza azaltzen dira. Eta bukatzeko, zelda baten ordez, kapitulu ireki batekin ixten da liburua. Goraldiaren ostean atala, hain zuzen, "beste norantza bateko bidean" kokatzen dela azaldu du Olavek. Aitzitik, kapituluen izenak objektu fisiko batekin lotzea ariketa interesgarria iruditu zitzaion idazleari: "Erreferentzia bisual bat lortu nahi nuen", nabarmendu du. Idatzi ostean asko landu ditu poemak Olavek. Batez ere irudi eta metaforen inguruko hausnarketak eta ikerketa lanak egitea gustatzen zaio. Baita hitz bakoitzaren konnotazio desberdina aztertzea eta horren inguruko gogoeta txiki bat egitea ere. "Osotasunean ulertzearekin batera, hitz bakoitzak adiera desberdin bat duelako bere baitan", bere esanetan.

BOURGEOISEREKIN LOTURA

Artearen Historian graduatua da durangarra eta bertatik datorkio Louis Bourgeoise eskultore frantziarrarekiko lotura. Zehazki, liburuaren egituraketa prozesuan ari zen momentuan, Bourgeoisen inguruko lan bat egiten ari zen unibertsitatean. "Bi lanek, bakoitzak bere alorrean, sentimendu eta ideia parekoak isla zitzaketela pentsatu nuen", kontatu du. Bourgeoisek zeldak arkitekturaren bidez gorpuztu bezala, berak literatura bidez gorpuztu zitzakeela konturatu zen, hots, poemak biltzeko baliagarri zitzaizkiola ikusi zuen.

Lan autobiografikoak egin ohi izan ditu Bourgeoisek eta Olaveri aproposak iruditu zitzaizkion bere lanarekin lotzeko. "Biok errealitatea ulertu eta berrinterpretatzeko ariketa egiten dugu". Hain zuzen, errealitate ikusezin bat edo egia ikusezin bat azaleratzeko helburua zuen Bourgeoisek. "Nik ere horrelako zerbait sentitzen nuen, bazegoela zerbait hitzen bidez azaleratzeko beharra nuena". Bestalde, eta artearen historiari loturik, Olavek garrantzi berezia ematen dio liburuetan erreferentzia eta aipuak azaltzeari, eta hori erreproduzitu du bere liburuan ere. Hala, hainbat erreferentzia biltzen ditu liburuak, Grezia klasikotik hasi eta gaur egunera arteko erreferente piktorikoak zein eskultura erreferenteak ageri dira. "Oso aberatsa iruditzen zait. Halako testuartekotasunek interpretazio lan handiagoak eskatzen dituzte eta ekarpen bat egiten dute", uste du egileak.

GORPUTZETIK IRAKURRIZ Zelden erabilera gorputzaren inplikazio aktiboarekin lotzen du Olavek eta, era berean, barnean duen hori errealitate materialean gorpuzteko beharra sentitzen du. Hori horrela, bertatik dator liburuari jarritako izenburuaren bigarren zatia: Gorputz honetatik. "Sentitu nuen, gorputz bat izateak dakarren horretatik guztitik sortu nituela zeldak". Poesia irakurtzean modu batera edo bestera norbere gorputzetik irakurtzen dela uste du durangar idazleak. "Gorputz osoa inplikatzen da irakurketa prozesuan, barnean zerbait pizten duelako poema edo poesia ariketa horrek". Olavek dioenez, askotan beste baten esperientzietatik norbere esperientziak hitzetan azaleratzen dira bat-batean. "Irakurlea erabat interpelatuta edo identifikatuta senti daiteke beste baten hitzetan eta norbere barnean sentsazio oso fuerte bat eragin dezake, azalezko interpretazio batetik haratago".

Abiapuntua garrantzitsua iruditzen zitzaiola adierazi du Olavek. Bere kasuan, bere gorputzaren kokapenetik eta ikuspuntutik abiatzen da eta irudi bat izaten du askotan oinarri. "Gorputz bakoitzak kokapen bat baldintzatzen du, oro har, errealitatean eta gizartean. Kokapen historiko politiko eta kultural bat du eta horrek gorputz horretatik aurrera eramaten den lana baldintzatzen du", azaldu du Olavek. Liburua idaztea, momentuan barnea husteko ariketa bat izan zen Olaverentzat. Beharrezkoa eta lagungarria egin zitzaion. "Egoera pertsonal baten ondorioz sortutako liburua izan da, eta baliteke beste momentu batean idatzi ez izana". Hitzen bitartez bizitza deskubritu behar dela azpimarratu du. Ibilbide bat egin, ideiak bildu. "Azken finean, kontzienteki edo inkontzienteki aukeraketa bat egiterako orduan, pentsamenduak baldintzatzen digu norabidea, bidea zein bizitza".