donostia - Datorren ostiralean, otsailaren 7an, Lur eta Amets filma estreinatuko da zinema aretoetan, bi urteko lanaren ondoren. Lotura Films ekoiztetxeak egin du, eta guztira 60 pertsonako lantaldea izan du atzean.

Haurrek eta gazteek Euskal Herriko historia ezagutzeko tresnak falta zirela erreparatu zioten Katxiporretak eta Ikastolen Elkarteak 2015. urtean, eta halaxe, historia liburua, ipuinak eta mahai-joko bat argitaratu zituzten Lur eta Amets izenarekin. Ondoren, Uxue Alberdi eta Unai Elorriaga idazleek historiari buruzko ipuinak idazten jarraitu zuten eta Lotura Filmsek proiektura biltzeko premia sentitu zuen.

“Euskal Herrian, euskaratik eta euskaraz egindako animazioaren aldeko apustua da gaur aurkezten ari garena; eta abenturekin goza-tzeaz gain, haurrengan Euskal Herriko historiari buruzko interesa piztea ere nahiko genuke”, azaldu zuen atzo Miren Berasategi Lotura Filmseko ekoizpen arduradunak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eskainitako aurkezpenean.

Kontakizunari dagokionez, Lur eta Amets pertsonaia bikiak asteburu pasa joango dira amona Andereren etxera, euren gurasoek ezkontza bat dutelako. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren botereei esker bidaia batean murgilduko dira, Euskal Herriko historiaren garai eta sasoi desberdinetan abentura gazi-gozoak bizituz. Andere eta Baltaxarren laguntzarekin, protagonistak beti izango dira Lur eta Amets, baina, tamalez, ia beti pertsonaia gaiztoak ere inguruan izango dituzte.

Lantalde oparoa aritu da buru-belarri proiektu honetan. Zuzendari lanetan Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce aritu dira. Gidoilariak aldiz, Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala izan dira. Bestalde, pertsonaiei ahotsa jartzeaz hainbat euskal aktore ezagun arduratu dira, besteak beste, Aintzane Gamiz, Ane Aseginolaza, Angel Alkain, Clara Badiola, Kiko Jauregi edota Patxi Santamaria.

Hego Euskal Herrian otsailaren 7an estreinatuko da filma familia guztien gozagarri, eta Iparraldeko zinemetan berriz, otsailaren 12tik aurrera.