Francisco de Goya (1746-1828) margolariak bere garaiarekin zerikusia zuten obrak egin zituen, baina ez edonola. Argien Mendea bete-betean bizi izan zuen, gizakiaren funtsa arrazoia zela aldarrikatzen zuen garaia, hain zuzen ere. XVII eta XVIII mendeetan arlo guztietan eragin zuen horrek: mundua ikusteko moduan, zientzian eta baita gizarteko harremanetan ere.
Margolari iraultzailea izan zen eta desberdintasun eta bidegabekerien aurrean edo garaiko gerren aurrean hartutako desilusioaren erakusgarri da hark utzitako ondarearen zati handi bat. Bere margoen bidez nolabaiteko iraultza piztu zuen gehiegikerien aurka, mendebaldeko kon-tzientzia suspertuz.
Iaz 200 urte bete ziren Goya Margolan Beltzak margotzen hasi zenetik Madrilgo Quinta del Sordo finkaren bi aretotan eta gaur egun Prado Museoan daude ikusgai. Urtemuga horren harira, Donostiako Kubo-Kutxa aretoak oraindik margolariak duen eragina islatzen duen Arrazoiaren ametsa. Goyaren itzala arte garaikidean izeneko erakusketa antolatu du eta apirilaren 12ra arte egongo da ikusgai.
"Goyaren eragina ikaragarria izan da ondorengo artean eta baita gaur egungoan ere. Bere influentzia izan duten hainbat artisten koadroak aukeratu nituen eta horrela osatu dut erakusketa hau", azaldu zuen atzo Oliva María Rubio komisarioak esposizioaren aurkezpenean. Guztira, 1960-2019 urteen artean 53 artistek eginiko 91 pieza daude bertan eta, teknikei dagokienez, margolaritza, eskultura, argazkilaritza, serigrafia, bideo instalazioak, ikus-en-tzunezkoak eta film zatiak nabarmentzen dira.
goyaren eragina Argien Mendea edo Ilustrazioaren garaian bezala, XX. mendeko gizarteak ere une latzak bizi behar izan zituen. Bi mundu gerrek (1914-18 eta 1939-45), sobietar iraultzak (1917), Balkanetako gerrak (1991-2001) eta Golkoko gerrak (1990-91), esaterako, milioika hildako utzi zituzten gizarte zibilean.
"Desgrazia horien eraginez, garaiko artistek, Goyak egin zuen moduan, gerrarekiko kritika anker hori isla-tzen jarraitu zuten eta erakusketako obretan argi eta garbi ikus daiteke hori", nabarmendu zuen komisarioak.
BOST GAI MULTZOTAN Esposizioa Goyaren serieen arabera antolatutako bost gai multzotan dago banatuta. Serie horiek 1792an margotu zituen, gor utziko zuen gaixotasuna hartu ostean eta Antzinako Erregimenaren krisiaren hasieran: Kapritxoak (Los Caprichos), Gerraren hodamenak (Los Desastres de la Guerra), Zentzugabekeriak (Los Disparates), Margolan Beltzak (las Pinturas Negras) eta Maiatzaren 3a Madrilen (El 3 de mayo en Madrid).
"Gor geratu zen unetik aurrera, obrak enkarguz egiteari utzi zion eta serie hauetan ikus daitekeen moduan, bere askatasuna eta irudimena erabat hedatu ziren", azpimarratu zuen komisarioak.
Esposizioan nabarmentzen diren gaien artean daude, besteak beste, inkisizioa -La maja desnuda margoa egiteagatik inkisizioa Goyarekin harremanetan jarri zen-, XX. mendeko gerrak edo baita maisu eta mediku ezjakinak kritikatzeko lanak.
Atentzioa ematen du, besteak beste, Pilar Abarracínen (Sevilla, 1968) Asnería (2010) instalazioak. Liburu pila baten gainean asto disekatu bat ageri da obra honetan eta berrinterpretatu egiten du Goyaren Asta su abuelo izeneko irudia. Goyak herritarren ezjakintasunaren aurka eta estamentu pribilegiatuen, talde profesional eta politikoen gaitasunik ezaren eta bere gizartearen bizioen aurka egiten bazuen, Albarracínen obrak kritika egiten die formakun-tzari eta ezagutzen transmisioari.
Erakusketa kolektibo horretan dauden beste artista batzuk dira, esaterako, El Paso taldeko Antonio Saura eta Manuel Rivera; 30eko eta 40ko hamarkadetan jaiotako Eduardo Arroyo eta Darío Villalba edo nazioarteko Zoran Mu?i?c, Yasumasa Morimura, William Kentridge eta Simon Edmonson.
Aretoa asteartetik igandera egongo da zabalik publikoarentzat. Gainera, Kubo-Kutxak jarduera egutegi oparo bat prestatu du erakusketa honen harira.
Erakusketaren ordutegia. Asteartetik igandera 11.30etik 13.30era eta 17.00etatik 21.00etara.
Familientzako tailerrak. Larunbatero 17.00etatik 18.30era.
Doako bisita gidatuak. Larunbatero 18.30ean euskaraz eta 19.30ean gaztelaniaz.
'Izugarrikeria eta Loria: Guerra Artearen Historian' hitzaldia. Ramón Esparzak eskainiko du otsailaren 13an, 19.00etan, gaztelaniaz.
'Moving Arts' proiektuaren aurkezpena. Otsailaren 20an, 19.00etan, gaztelaniaz.
Mikrokontakizun tailerra. Martxoaren 12an, 18.00etatik 20.00etara, euskaraz.
Goya & Bertso-saio. Apirilaren 2an, 19.00etan, euskaraz.