Bere kontsultan zegoela, idazkariaren oihuak en-tzun zituen, laguntza eske. "Zein arraroa", erran zion lankideari, aulkitik altxatu eta kontsulta eta sarrera banatzen zituen atea ireki zuen. Bizitzan egin zuen azkeneko gauza izan zen. Hantxe bertan hil zuten, tiroz, Santi Brouard pediatra lekeitiarra Luis Morcillo eta Rafael López Ocaña GALeko kideek. 1984ko azaroaren 20a zen, Euskal Herriaren historian betirako gorriz markatuta gelditu zen eguna.

Izan ere, Brouardena ez zen edonolako hilketa izan. Julian Sancristobal Espainiako estatuko Segurtasun idazkariak agindua eta dirua eman zizkion Rafael Masa poliziari, eta hark Morcillori eta López Ocañari ordaindu zien hilketagatik. Aldez aurretik pentsatu eta planifikatutako hilketa bat izan zen, eta Brouard, bere independentzia eska-tzen zuen Euskal Herriaren zimenduak dantzan jartzeko aukeratutako biktima: HASI alderdiko lehendakaria, HBko mahai nazionaleko kidea, Bilboko alkateordea, parlamentaria, mediku pediatra...

Francoren diktaduraren gerizpean eraikitako trantsizioaren ondorengo Espainiako demokraziaren garai ilunak ezin baino hobe islatzen dituen gertakari latz hau, komiki formatura eraman dute orain Harkaitz Cano idazleak eta Adur marrazkilariak, Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratu den An-tzara eguna lanean. Gertakarietan oinarrituta eta fikzioaren gailua erabiliz, bere konpromisoagatik Euskal Herriko familia politiko desberdinetan itzal handia izan zuen pertsonaia honen bizitzan murgiltzen da kontakizuna. Canok argitu moduan, Brouard "pertsona karismatikoa zen, politikoki zein maila humanoan. Mediku pediatra izateak, gainera, oso giza talde ezberdinen artean ezaguna izatea esan nahi zuen. Gaztea ere ez zen, hil zutenean 65 urte baitzeuzkan, eta GALek hura hiltzeak, non eta bere kontsultan, inarrosaldi berezia eragin zuen garaiko euskal gizartean".

Lanaren helburua, Adurrek berak zehaztu bezala, "pertsonaiaren alderdi pertsonalena erakustea" izan da, bere aldartea eta izaera ezagutzera ematea. "Historia, zoritxarrez, ezaguna da, baina pertsonaia beraren alderdi ezkutua ez hainbeste", zehaztu du. "Pertsonaira hurbilduz hainbat gauza ulertu daitezke, bai testuingurua, garaiko pentsamendua... Mikro-historiatik, makro-historia ulertu daiteke". Hala, istorioaren trama beltza garrantzitsua izan arren, pasarte ezagunenak off-ean edo planotik kanpo utzi ditu Canok, eta beste hainbat iradoki besterik ez dira egiten: "Batez ere haren giza alderdian zentratu gara, sendagile bezala haur zein helduekin zuen tratuaren bitartez 80etako gizartearen lagin bat islatzen saiatuz, noiz gordin eta noiz samur. Gaixoekiko harremana beti da hauskorra: gaixotzen den umea heldu egiten baita halabeharrez, eta gaixorik den heldua, paradoxikoki, umetu. Pediatria kontsulta bat, umeak sendatzeko baino, gurasoak lasaitzeko lekua dela esan ohi zuen Santi Brouardek...".

Testigantza eta bestelako baliabideen bitartez, adiskide eta mediku hurbila, txantxazalea, irakurle amorratua eta euskaltzale petoa ere bazen pertsona bat aurkitu zuen Canok. Adurrek gehitu bezala, "beti lagun-tzeko prest zegoen tipo bat zen, eta ekimen askotan inplikatu zen, tartean Lemoizko zentralaren kasua".

Komikia baino lehen, filma Duela bost urte ekin zion idazleak Antzara eguna-ri, aitortzen duen bezala, zinemarako gidoi bat egiteko xedearekin. Lehenengo asmo hori baztertuta, lana komiki formatuan plazaratzeko hautua egin zuen, Txalaparta argitaletxearen zigiluarekin. Orduan hasi zuen Santi Brouarden pertsonaian sakontzeko testigan-tza bilketa. "Testigantzak jasotzeaz gain", azaldu du, "garrantzitsua izan zen niretzat Adurren adiskide Javi Pascualek Brouarden agenda helarazi izana. Telefono zenbaki eta helbideez gain, zita literarioak eta bestelako anotazioak zeuzkan bertan eta nobela grafikoaren eraikina altxatzen lagundu zidan plano moduko bat bilakatu zen larruzko agenda hura. Fetitxe hura aldean nuela idatzi nuen gidoia".

Komikiaren estiloari dagokionez, Adurrek testuinguru historikoaren iluntasuna islatu nahi izan du, zuri-beltzaren erabileraren bitartez. "Istorioak badu beltzetik, eta garaiko komikien estiloa eman nahi izan diot, trametan oinarrituta: kolorea ordezkatzeko, puntu trama bat erabili dut, garaira hurbiltzeko helburuarekin. Retro kutsu bat badu". Izan ere, "gure historiako pasarte ilunenetako bat da hau, Espainiako Barne Ministerioko muinetik ateratakoa, goi-goitik ateratako hilketa planifikatu bat. Hiltzaileak, hau da, azken tximinoak zigortuak izan ziren bakarrik".

Santi Brouarden hilketaren nolakotasunak, dudarik gabe, estatuaren atzaparrak agerian utzi zituen, trapu zikinak sekula garbitu ez dituen aro politiko eta sozial ilunenetako baten islan bilakatuz. "Epaitegiak egindakoa aitortzeko eta erantzukizunak eskatzeko orduan aski motz ibili zirela esango nuke", zehaztu du komikiaren idazleak. "Beste bortxakeria mota batzuekin alderatuz gero, GALekin lotutako erantzuleen zerrendak eta bete zuten zigorraren urriak asko esaten du Espainiako demokraziaren pi-tzadurei buruz".