donostia - HASI alderdiko lehendakaria, HBko mahai nazionaleko kidea, Bilboko alkateordea, parlamentaria, mediku pediatra... Modu honetan laburbiltzen du Txalaparta argitaletxeak Brouarden figura. Haren heriotza gogoratu nahi badugu, azken ofizio horretan jarri behar dugu fokua.

Harkaitz Cano idazle poliedrikoak eta Adur Larrea marrazkilariak Santi Brouard zenaren bizitza hartu dute hizpide Antzara eguna eleberri grafikoan. Bikote artistikoak Bilboko La Bolsa eraikinean aurkeztu zuen atzo zuri-beltzean marraztutako komikia.

Lekeitiarra bere Bilboko kontsultan erail zuten Luis Morcillo eta Rafael Sánchez Ocaña GALeko kideek 1984ko azaroaren 20an. Julian Sancristobal espainiar Estatuko Segurtasun idazkariak eman zuen agindua eta lan hori aurrera eramateko dirua eman zion Rafael Masa Guardia Zibilaren komandanteari -honek, Morcillo eta Sánchezen bidez bideratu zuen agindua-.

Canok, berriro ere, errealitatean oinarrituz narrazio fikzionatu bat eraiki du, errekreazio bat, hori bai, gertatutakotik oso hurbil dagoena. Bertan, Brouarden bizitza publikoa eta pribatua josi ditu idazle lasartearrak -hilketa jazo aurreko egunak kontatzen ditu eleberri grafikoak-, jatorriz, telebistarako film bat egitea helburu zuen proiektu honetan.

Gidoia idazteari ekin zion Canok eta bukatu zuenean, ikus-entzunezkoa ezerezean gelditu zen. Horrela, sorkuntzari bide berri bat emanez, Adur Larrearengana jo zuen fotograma izan behar zutenak bineta bihur zitezen -ilustratzaile bizkaitarrak esperientzia handia du komiki munduan eta bere obren artean aurki daiteke Gabriel Aresti BioGrafikoa, esaterako-. Aipatutako pertsonaiez gain Teresa Aldamiz, Eva Forest eta Alfonso Sastre literatoak ere ageri dira.

Antzara eguna osatzeko dokumentazio andana kontsultatu zuen Black is beltzaren gidoilariak, Brouarden dokumentu pertsonalak tarteko. Marrazkilariak, bere aldetik, 80. hamarkada sakon aztertu du -garaiko komikiei ere keinu egin die-, aro ilun hura binetetan modu sinesgarrian islatzeko asmoarekin. - N.G.