Síguenos en redes sociales:

Bertsolari Txapelketak gaur ekingo dio bigarren asteburuari

Bertsolari Txapelketak gaur ekingo dio bigarren asteburuari

donostia - Lehengo astean, Oñatin Haritz Mujika izan zen irabazlea (447 puntu) eta Amasa-Villabonan, Beñat Iguaran (440,5 puntu).

Gaur Ordizian jokatuko da bigarren asteburuko lehen saioa Herriko Antzokian 17.00etatik aurrera. Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Urbieta, Ane Zuazubiskar, Asier Azpiroz, Beñat Lizaso eta Manex Mujika igoko dira oholtza gainera eta aurkezle lanak Maddi Labakak egingo ditu.

Epaimahaiko kideak Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteaga izango dira. Idazkari lanak, aldiz, Ane Errazkinek egingo ditu.

Bihar, Zumaiako Aita Mari Zineman jokatuko da final zortzirenetako laugarren saioa arratsaldeko 17.00etan. Ander Lizarralde, Beñat Jauregi, Gorka Maiz, Iñigo Gorostarzu, Jokin Bergara eta Unai Muñoa bertsolariek hartuko dute parte. Saioko aurkezlea Saroi Jauregi izango da. Epaimahaia gaurko saioko kide berberek osatuko dute eta idazkari lanak Silvia Etxanizek egingo ditu.

Bertsolariek hurrengo lanak egin beharko dituzte: binaka gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso eta binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso.

Azkenik, kartzela iritsiko da: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Bi saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira final-laurdenetara eta beste bertsolariek puntuazioaren arabera eskuratuko dute aukera hori. Finala, abenduaren 14ean jokatuko da Donostian.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai eta aurrez agortu ezean, Ordizia eta Zumaiako txarteldegietan ere eskuratu ahal izango dira gaur eta bihar, 16.00etatik aurrera. - N.G.