Síguenos en redes sociales:

Zinemaldiak ere haurrentzako ikusgarri

Zineuskadiren laguntzari esker, animaziozko film guztiak euskarara bikoiztuta eskainiko dira

Zinemaldiak ere haurrentzako ikusgarri

donostia - Zinemaldiaren 67. edizioak haurrentzako bereziki aukeratutako sei animazio-film aurkeztuko ditu. Emanaldiak Donostiako hainbat aretotan eskainiko dira eta guztiak euskaraz izango dira, Zineuskadiren laguntzari esker.

Adierazpenean, jaialdiaren antolatzaileek adierazi dute Lego unibertsoaren inguruko filmaren bigarren zinta eskainiko dutela Lego Filma 2 alde batetik; Oin handiren semea koprodukzio europarra ere bai; lau Oscar sari irabazitako Nick Parkek zuzendutako Aardman Faktoriako ekoizpen berria ere, Harpetarra, Donostian izango da; eta baita Asterix, edabe magikoaren sekretua abentura berria ere. Udare erraldoiaren istorio harrigarria film daniarra ere ikusgai izango da; eta baita Norvegiako Kristiansandeko haurrentzako zinema jaialdian film onenaren saria irabazi zuen Ploey luzemetraia, Islandiaren eta Belgikaren arteko ekoizpena ere.

Emanaldiak Zinemaldiko asteburuetan izango dira, etxeko gaztetxoak astean zehar eskola dutela kontuan hartuta, eta pelikula guztiak euskaraz bikoiztuta egongo dira Zineuskadiren babesean Zinema Euskaraz egitasmoaren baitan.

Donostiako Zinemaldiak hiru hamarkada baino gehiago daramatza zinema txikienengana gerturatze lanetan eta horretarako sortu zuen Haurrentzako Zinema atala.

Sail honetan, bereziki ikusle belaunaldi berriarentzat aukeratutako filmak euskaraz bikoiztuta eskaintzen dira.