Vaiven konpainiak bigarrenez eskuratu du Donostia Antzerki Saria
Tribunalak euskarara moldatutako ‘Sherezade eta tipularen azalak’ lanaren “testu poetiko ederrak” azpimarratu ditu
donostia - Vaiven konpainiaren Sherezade eta tipularen azalak an-tzezlanak lortu du XIX. Donostia Antzerki Saria. Ana Pimentaren konpainiak sari hau jasotzen duen bigarren aldia da; 2002an Lotsa gabe lanarekin jaso zuen lehenengoz. Donostiako Euskara zinegotzi Miren Azkaratek eta Kultura zinegotzi Jon Insaustik sariduna ezagutzera eman zuten atzo Victoria Eugenian egindako prentsaurreko batean.
2018an helduentzako euskarazko 16 antzezlan eskaini ziren Donostian. Guztira 45 emanaldi eskaini ziren eta 7.500 ikusle baino gehiago bertaratu ziren hiriburuko antzokietara. Azkaratek gogoratu zuenez, 16 lan horietatik, hamabik bakarrik bete zuten sariketan parte hartzeko baldintza: konpainia profesional batek antzezlana lehenbiziko aldiz Donostian eskaintzea.
Hamabi obra horien artean, epaimahaiak Sherezade eta tipularen azalak aukeratu du besteen gainetik bere “testu poetiko ederrarengatik” eta “lan metaforiko handiarengatik”. Gainera, profesional eta zaleek osatutako tribunalak eszenografiaren soiltasuna eta gaiaren tratamendua ere azpimarratu zituen: “Gai sakonak lantzen dira baina oso modu arin eta errazean”.
Iazko dFeria topaketan aurkeztu zen antzezlanaren bertsio originala, gaztelaniaz -topaketan Territorio Violeta ekimenak konpainia gipuzkoarraren lan hau saritu zuen- eta Euskal Herritik “gira oso garran-tzitsua” egin zuen. Oraingoan, epaimahaikideek Ainara Ortegak egin duen dramaturgiaren moldaketa “oso ona” dela ondorioztatu dute.
Vaivenen arduradunak azaldu zuen lan irabazleak Mila gau eta bat gehiago obran duela abiapuntua, baina kasu honetan eszenatokian dauden hiru pertsonaiak dira Sherazade; bakoitzak aurrera egiteko istorioak kontatu behar ditu. Sherezade eta tipularen azalak “oinarri surrealista duen narrazio tragikomiko bat da”.
Euskarazko dramaturgiari dagokionez, Ortegak moldaketa prozesuaz adierazi zuen bere buruan antolatutako bertsioak aktoreen an-tzeztean hartzen duela zentzua: “Haragia parrila gainean aktoreek jartzen dute. Nik beraien lana azpimarratu nahiko nuke”. Ez da lehen aldia horrelako itzulpen bat egiten duena eta bide horretan gauza asko ikasi dituela adierazi zuen eta lana abiatzeko garaian testu originalaren konplexutasunagatik “beldurra” izan zuela onartu zuen: “Beste behin konturatu naiz euskara uste duguna baino handiagoa dela eta iristen dela nahi dugun lurmutur eta metafora guztietara”.
Hilaren 27an jasoko du Vaiven Konpainiak Andrés Nagelen artelana, 12.000 eurorekin batera, Aitziber Garmendiak Victoria Eugenian zuzenduko duen gala batean. Ondoren, ohi bezala saritutako antzezlana eskaini beharrean, bigarren postuan gelditu dena antzeztuko da: Zazpi Senideko. Pimentak azaldu zuenez, obraren gira bukatutzat eman dute eta ez dute berriro taularatzeko aukerarik ikusi.
16
Euskarazko hamasei antzezlan eta 45 emanaldi eskaini ziren Donostian iaz. Guztira, 7.500 ikusle baino gehiago izan zituzten.Donostia Saria. Hamabi lanek parte hartu dute sariketan: Ergela (Txalo taldea); Txarriborda (Hika), Sherezade eta tipularen azalak (Vaiven Producciones), Dublindarrak (Ados Teatroa), Heriotza Bikoitza (Ze onda), Zazpi senideko (Axut), Santxoren anaia (Laurentzi Produkzioak), Streap-Tease (Jokin Oregi, Mireia Gabilondo, Garbi Losada eta Fernando Bernués), Erlauntza (Vaiven Producciones), Zoaze pake santuan (Txalo Produkzioak), Izoztutako haizea bezala (Ttanttaka) eta Tomiris (Atx Teatroa).
Epaimahaia. Joseba Usabiaga (Euskal Aktoreen Batasuna), Silvia Manzana (EHAZE), Frank Suarez (Euskal Kultur Erakundea), Oihana Maritorena (AISGE), Karlos del Olmo (itzultzaile-idazlea), Zuriñe Maguregi (publikoaren ordezkaria) eta Unai Etxebeste (publikoaren ordezkaria).