Síguenos en redes sociales:

Topikoak hautsiz erradikaltasunetik

Antzerkia eta bertsolaritza bateratu dituzte Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek ‘Erradikalak gara’ ikuskizunean. Erraietatik ari dira, umorez, eta erroetara iritsi nahi dute topikoak deseraikitzeko. Lasarte-Orian taularatuko dute obra gaur

Topikoak hautsiz erradikaltasunetikCesar Marcos

Gizarte honen ezaugarri bat / argitzen du historiak: / neurritik kanpo denak dakartza / neurri gabeko fobiak / moderatua behar du hitzak,/ borrokak nahiz euforiak. / Erradikala errora doa / hala dio teoriak / zer dauka txarra irauli nahiak / azpiko sustrai lodiak? / Berrikuspen bat behar du sarri / hitzen etimologiak. Bertsoa bota du Ane Labakak, Beatriz Egizabal antzezlea eta ipuin kontalaria ondoan duela. Bi aulki eta bi mikrofono hankadun daude, eta hasierako irudia ohiko bertso-saio batekoa iruditu arren, ez da horrela. Erradikalak gara bi emakumeren arteko elkarrizketa da, bertsoak eta bakarrizketak tartekatuta. Erraietatik egindako obra, umorez, erroetara iritsi nahian.

Lanku Bekaren lehenengo edizioaren irabazlea izan da Erradikalak gara. Bertsolaritza oinarri duten emanaldi berriak sortzen laguntzea da jaio berri den ekimenaren helburua. Bertsolaritzaren eta antzerkiaren bidegurutzean kokatu dute ikuskizuna bere sortzaileek. Bertsoak eta bakarrizketa dira “haien armak”. Eguneroko gaiak lantzen dituzte obra honetan, gizartearen erradiografia bat osatzeko. Ikuskizuna amaitzean, ordea, galdera botatzen dute Labakak eta Egizabalek: “Ikusitakoak ikusita, ez ote gara erradikalagoak izan behar?”.

Ipuin kontalaria da Egizabal; bertsolaria, berriz, Labaka. Lasartearrak biak, aspaldi ezagutzen dute elkar, eta luzaroan elkarrekin zerbait egiteko gogoekin izan dira. Kontatzen dutenez, bien arteko miresmena izan zen proiektu honen abiapuntua: “Oholtza gainean ipuinak kontatzen ari zenean asko gustatzen zi-tzaidan eta berari berdina pasatu zi-tzaion bertsoekin”, aitortu du Labakak. Elkartu eta hariari tiraka hasi ziren ikuskizuna sortu arte.

UMOREA ARMA BAKAR

Lasarte-Oriako Bertso Eskolak urtero antolatzen duen Udaberriko Bertso Saioa izan zen ikuskizunaren mugarri. “Saio berezia antolatzen da urtero. Joan den urtean bakarrizketak eta bertsolaritza uztartu zituzten eta Beatriz dinamizatzaile moduan egon zen; orduan aukera ikusi genuen zerbait egiteko”, kontatu du Labakak. Bertsotan eta bakarrizketan mezu “zuzenak” botatzen dituzte biek. “Probokatzaile eta ausart” ibiltzen dira oholtza gainean, hein batean publikoa “deseroso” sentitzea eragin nahi dutelako. Umorea arma politiko gisa erabiltzen dute: “Barruan zerbait mugitzea lortu nahi dugu, bakoi-tzak dituen kontraesanez kontziente izatea. Asko mugitzen gaituen gaia da”, dio Labakak. Publikoa entretenitzea ez ezik, jendearen erraietan eragin nahi dute.

Besteak beste, feminismoak batzen ditu Labaka eta Egizabal. Ikuskizuna prestatzen hasteko ideia zaparrada egin zuten eta feministek entzun behar izan duten topikoen zerrenda osatzean konturatu ziren bertan “zerbait egiteko” materiala zegoela. “Feminismoa ongi dago, berdintasunaren alde egotea ongi dago, baina neurrian, ez zaitez izan oso erradikala. Horrelakoak entzutera ohituta gaude eta topikoekin amaitu nahi dugu”, dio Labakak. Feminismoa ez da ikuskizunaren gai bakarra, ordea; askotariko gaiak lantzen dituzte, guztiak genero ikuspegitik: euskalgintza, bertsolaritza, amatasuna, biolentzia... “Maleta kontraesanez beteta dugu”, dio Egizabalek. Bertsoen eta bakarrizketen bidez publikoari gaur egungo gizartearen egoera zein den erakusten saiatzen dira, eta izenburuari keinu egiten dion galdera luzatzen dute amaieran: “Hau dena entzun eta gero, ez ote genuke erradikalagoak izan behar? Beharbada ez gara behar genukeen bezain erradikalak”.

KONTRAESANEI BEGIRA

Topikoekin hautsi nahi du Erradikalak gara an-tzezlanak. “Gure buruari barre egiteko lizentzia hartu dugu -azaltzen du Labakak-. Askotan Beatrizek zerbait esaten du eta nik bertsoen bidez argudioa desegiten dut; eta alderantziz”. Bien arteko joko eta elkarrizketa horretan oinarri-tzen da ikuskizuna. “Gure buruari kontraesanak aitortzen dizkiogu, eta lortu nahi dugu ikusleek bat egitea aurkezten ditugun bizipenekin, horrela bakoitzak bere buruari, bere kontraesanei, aurpegira begiratuko die. Ispilu bat jartzea bezalakoa da”, gehitu du Labakak.

Horrez gain, erradikal hitzari buelta eman nahi izan diote. Etimologikoki, erradikala da arazoen erroetara jo eta horietatik abiatzen dena, konponbide bila. Gaur egungo gizartean, ordea, erradikala hitza “negatibotzat” hartzen dela diote bi lasartearrek, eta horri buelta eman nahi izango diote. “Badakigu, gauzak aldatu nahi baditugu, errotik hasi behar dugula. Horregatik gustatzen zaigu kontzeptua”, dio Egizabalek.

Indartsu hasi dute bidea Labaka eta Egizabalek. Martxoaren 1ean Etxarri Aranatzen estreinatu ostean, Lanku Bekaren irabazleak pozik ari dira Euskal Herria osoan ikuskizuna taularatzen. “Beka jasotzeak bultzada handia eman digu, eta Korrika Kulturalaren zirkuituaren barnean hainbat emanaldi egingo ditugu”, kontatu dute. Orain arte harrera “ezin hobea” izan duela diote. “Oraingoz kritika txarrik ez, eta guztiak laudorioak” izan direla kontatu du Labakak. Gaur bertan, Lasarte-Oriako kultur etxean eta apirilaren 7an Mutrikuko gaztetxean eskainiko dute ikuskizuna.