Diskoari izena ematen dion Ereñotzu kantuak bikain laburbiltzen du Xabi Solanok bere azken lanari eman nahi izan dion ukitu autobiografikoa: “Errepidearen ertzetako etxeetan, Urumea ibaiaren ur bareetan, umetako jolas eta gaztarokoetan, harrapatu ninduzun zure sareetan? Ez zara handitu, baina handi egin nauzu?”. Halaxe dio diskoa ixten duen piezak. Hernaniko Ereñotzu auzoan jaio zen Solano, 1978an, eta hazten ikusi zuen sorleku kuttunari eskaini dio lan berria, bere musika ibilbide oparoan bakarka osatu duen lehena. Gainera, diskoko kantu guztien partiturak Trikitixa liburua II liburuan jaso ditu, orain dela pare bat urte hasiera eman zion proiektu didaktikoari jarraipena emanez.
Lehen partitura diskoa atera zenuenean, aurreratu zenuen beste bi liburu egingo zenituela eta haietako bat berezia izango zela. Suposa-tzen dut orain argia ikusi duen ‘Ereñotzu’ honi buruz ari zinela.
Bai. Lan berezia da kantu guztiak berriak direlako, eta berezia da oso nire baitako kantuak direlako. Kantu guztiek dute loturaren bat nire bizitzarekin. Nire gauza asko kontatzen ditut; finean, nitaz hitz egiten duen diskoa da. Hasiera batean, Esne Zopak proiektuaren bigarren zatia izan behar zuen disko honek, baina letrak hain nireak izanda, nire izenean egin dut diskoa. Esan daiteke autobiografia kutsua duela lan honek.
Bi parte ditu proiektu berriak. Batetik, diskoa: ‘Ereñotzu’. Izenak berak argi uzten du zure jaioterriari eskainitako lana dela. Zer da Ereñotzu zuretzat?
16 urte arte bizi izan nintzen bertan. Gaur egun ez naiz Ereñotzun bizi baina asko markatu nauen lekua da. Gerora Esne Beltza taldearekin entseatzen egon izan gara bertan, eta aspalditik izan dut auzoari loturiko zerbait egiteko gogoa. Sentimendu asko sor-tzen dizkidan lekua da, eta nahi nuen sentimendu horiei hitza eta musika jarri. Nire sorlekuari eginiko gorazarre bat da diskoa. Sorlekuaz, jaio nintzen etxeaz, gurasoez egindako letrak daude diskoan? Finean, eskerrak emate bat ere bada gertukoei, beti hor egon direnei. Grabatzen aritu naizenean barre eta malko asko sorrarazi dizkidan lana da. Iparraldera bizitzera joan nintzeneko kantu bat ere badago, Bidasoatik harago Euskal Herri bat badago.
Kristina Solano arreba ere gogoan izan duzu. Bera ere musikaria da, ezta?
Bai. Ni trikitia jotzen hasi nintzenean berak akordeoia jotzen zuen, baina inbidia eman zion trikitiaren soinuak, eta horregatik hasi zen bera ere trikitia ikasten. Gerora, bera beti hor egon da eta hori eskertzeko abesti bat egin diot. Trikitiaren eta akordeoiaren arteko fusioa planteatu nahi izan dut kantu horretan. Bi musika tresnak agertzen dira.
Kantu gehienen hitzak Jon Garmendia ‘Txuria’-k idatziak dira, azken aspaldian egin ohi duzuen moduan.
Aspalditik gure inguruan aritu den letragilea da. Harekin elkartu eta nire istorioak kontatzen nizkion, eta bera hortik abiatu da. Nik helarazi dizkiot nire sentipenak eta berak hori hitzetara eraman du. Nere mundu polit txiki hontan lehen singlea da salbuespena, hori neuk idatzi dut.
Hainbat musikariren kolaborazioak ere izan dituzu, besteak beste, Kepa Junkerak hartu du parte diskoan, ‘Mairuelegorreta’ abestian. Zuk zeuk ere egin izan duzu lan Junkerarekin, ezta?
Bai. Asko miresten dudan musikaria da Kepa. Maletak bere azken lanean parte hartzeko gonbita egin zidan, eta pentsatu nuen ondo legokeela hark ere nire lanean kolaboratzea. Junkerak trikitia eta perkusioa jo ditu Mairuelegorreta kantuan. Arabako kobazulo bat da Mairuelegorreta, eta bertan euskal jai bat ospatzen da aspalditik. Asko gustatzen zait festa hori, eta hura izan dut gogoan kantu hau sortzean.
Proiektu honen bigarren hanka ‘Trikitixa liburura II’ da. Disko berriko kantuen partiturak bildu dituzu hemen.
Horrela da, bai. Etzakit-en lehenengo diskoa atera genuenetik jendeak partiturak eskatu izan dizkit, kantuak ikasteko moduan eduki nahi izan dituzte askok, baina inoiz ez dut astirik eduki horretara jartzeko. Beraz, bazegoen eskari bat, eta hortik sortu zen partiturez osaturiko liburuak osatzeko ideia. Orain dela bi urte argitaratu nuen lehen liburua, 12 kanturekin, eta oso erantzun ona izan zuen. Liburua, berez, trikitilarientzat pentsatua zegoen, baina harrituta geratu nintzen, trikitilari ez zirenek ere nahi izan zutelako. Adibidez, Madrilgo neska batek idatzi zidan esanez trikitia erosi zuela eta bere kabuz hasi zela ikasten, liburuaren laguntzaz. Hori gauza izugarria da, eta zentzua ematen dio lan honi. Oraingo hau bigarren liburua da eta beste hamabi kanturen partiturak dakartza. Bi urte barru etorriko da hirugarrena. Guztira, 36 kantu izango dira.
Bi metodotan datoz abestiak, partitura normalekin eta zenbaki bidez.
Bai, ez nion inori aterik itxi nahi. Uste dut kantuak solfeoz ematea bezain garrantzitsua dela zenbakien bidez ematea, asko eta asko baitira Euskal Herrian trikitia zenbakien bidez ikasten dutenak.
Zuk zeuk ere zenbaki bidez ikasi omen zenuen trikitia jotzen, hasieran behintzat.
Bai, zenbakiekin hasi nintzen, umetan, Martin Aginagalde eta Maixa Lizarribarrekin, besteak beste, eta gero pasatu nintzen solfeora. Esango nuke, gaur egun trikitia jotzen ikasten dagoen jendearen erdia baino gehiago zenbakiekin ari dela ikasten. Asko horrela hasten dira eta gero pasatzen dira solfeora. Uste dut bide errazena hori dela. Izan ere, trikitia nahiko instrumentu konplikatua da, barrura edo kanpora eraginda soinu desberdina duelako, instrumentu diatonikoa baita. Infernuko hauspoa izena oso ondo jarri zioten, alajaina!
Noiz eta nola hasi zinen trikitia jotzen?
Aitak bultzatuta hasi nintzen, 9 urterekin. Nik trikitia zer zen ere ez nekien ordura arte. Aisterrazura erromeria batera eraman ninduela gogoratzen naiz, han ikusi nuen trikitia aurreneko aldiz. Handik gutxira, Villabonan hasi nintzen klaseak hartzen. Han zenbakiekin ikasten zen trikitia eta halaxe ikasi nuen.
Musikari bezala Etzakit-ekin egin zinen ezagun, orain dela 20 urte baino gehiago. Nola oroitzen dituzu hastapenak?
15 urterekin hasi nintzen Etzakit-ekin, orain 38 ditut, pentsa? Urte mordoa igaro da. 1994an hasi ginen eta handik 3 urtera lehenengo diskoa atera genuen. Oso garai politak izan ziren, herri txiki eta auzoetan asko mugitu ginen, kontzertu pila bat eman genituen. Mugimendu handiko garaiak izan ziren. Memorian ondo gordeta ditugu garai haiek. Etzakit-ekin hasi eta hazi ginen. Gure bizitzako etapa oso garrantzitsua eta bereziki polita izan zen.
Euskal Herrian, tradizioz, rock musika izan zen nagusi garai luze batean, baina 90eko hamarkada bukaera aldera trikitiak bizi izan zuen nolabaiteko loraldiak bete-betean harrapatu zintuzten zuek ere. Nola oroitzen duzu sasoi hura?
Talde batzuk sortu ziren, bai: Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar, Gozategi, gu geu? Dena dela, nik uste dut Euskal Herrian beti egon dela trikitiaren tradizioa, bai behintzat nire inguruan. Kontua da garai horretan asko zabaldu zela herri handietara, hirietara, irratietan ere entzuten hasi zen trikitia... Boom antzeko bat eman zen. Baina erromeriak, auzo eta herri txikietakoak batez ere, beti egon izan dira eta hor trikitiak beti eduki du bere lekua.
Etzakit-en ostean, beste hainbat talde eta proiektutan aritu izan zara: Lau Itzal, The Solanos, Fermin Muguruza, Esne Zopak? Azken urteetan Esne Beltza taldean ari zara, momentu gozoan.
Oso gustura gabiltza. Nire musika ibilbidean alboan izan ditudan lagunekin osatutako taldea da Esne Beltza. Ondo pasatzeko elkartu ginen eta konturatu orduko 10 urte egingo ditugu datorren urtean. Bira berezia egingo dugu urteurrena ospatzeko.
Bestelako musika lantzen ikusten zaitugu orain Esne Beltza taldean, fusio eta mestizaiaren artean asko mugituz. Gaur egun, zein leku du trikitiak taldean?
Musika anitza egiten dugu. Saiatzen gara kanpokotik ikasten, baina hemen ikasi duguna ere erakusten, eta trikitiak jarraitzen du oso presente egoten. Hor dago Esne Zopak proiektua ere, trikitilari mitikoei eskainia. Estilo desberdinak lantzen ditugu, baina ez dugu ahaztu behar gure sustraiak zeintzuk diren. Ni beti saiatzen naiz disko guztietan fandango edo porrusalda bat sartzen. Gustatzen zait gure diskoetan euskal ukitua duten abestiak sartzea, ez bakarrik ukitu bat emateko, baita euskal esentzia hori gure izaeraren parte izateko ere. Oso erromeria-giro zalea naiz eta kontzertuetan maite dut giro hori sortzea, jendearekin hartu-eman handia sortzen da.
Eta euskal musikan oro har zein presentzia du trikitiak gaur egun?
Nire ustez, gauza oso on bat gertatu da trikitiarekin: beste instrumentu bat gehiago da gaur egun trikitia. Beste instrumentuen maila berean kokatu da, estilo desberdinetan egin du lekua, testuinguru desberdinetan: erromerietan, kontzertuetan, kalejiretan, musika eskoletan? Orain dela ez askora arte ez zegoen trikitirik musika eskoletan. Alde horretatik, osasuntsu dagoela ikusten dut.
Hain zuzen, musikari izateaz gain, eskolak ematen dituzu. Nola ikusten dituzu belaunaldi berriak, gazteek badute afizioa trikitiarekiko?
Musika irakaslea naiz DBHn eta musika eskolan trikiti klaseak ere ematen ditut. Ikusten dut afizio handia gazteengan eta hori nabaritzen da, adibidez, Esne Beltzaren kontzertuetan edo oraintsu egin den Euskal Herriko trikitilari gazteen txapelketan. Ikusten da gazte jendea gogotsu eta maila handiarekin.
Zein plan dituzu datozen hilabeteetarako?
Esne Beltzarekin bi kontzertu ditugu: Bilbon, ostegun honetan, eta Hatortxu Rock-en, datorren larunbatean. Gero, atsedenaldi bat egingo du taldeak, eta tarte hori aprobetxatuko dut lan berria zabaltzeko, 2017tik aurrera. Ezin dut asko aurreratu, baina bai esan dezaket zerbait berezia prestatzen ari naizela, Ereñotzu diskoa eta Esne Zopak proiektua oinarrian hartuta. Alor desberdinetako jendearekin elkartuko naiz, antzerki eta dantza alorreko kideekin batez ere, eta zerbait berezia egingo dugu. Ez da kontzertu soil bat izango, ikuskizun bat izango da.