Euskara harremanen arlo guztietan erabiltzeko xedea duen kultura elkartea da Zenbat Gara. Euskaraz bizitzea da gure helburua, hainbat ekimen sustatuta, gure hizkuntzaren bidez elkarbizitza esparru zabala sortzea, erdara nagusi den, baina milaka euskaldun dituen Bilbon euskaldunontzako erreferen-tzia izatea. Euskara ikastea nahikoa ez dela jakitun, era guztietako jarduerak bultzatzen ditugu gure hizkuntzan elkarbizitza une eta gune anitz horiek gauzatzeko". Horrela laburbiltzen du Zenbat Gara elkarteak bere izatearen oinarria, eta hori da elkartearen webgunean irakur daitekeena.

Zenbat Garako kide den Xabier Monasterioren arabera, 1978. urtera jo beharko genuke elkartearen jaiotza data kokatzeko, orduantxe sortu baitzen Gabriel Aresti euskaltegia. "Hasi berriak ziren euskaltegiak, ordura arte gau-eskolak ziren-eta. Hasierako irakasle haiek erabaki zuten Bilboko poetaren izenarekin euskaltegi bat sortzea, Bilboko jendea euskalduntzeko. Esan eta egin. Bilboko jendea euskalduntzen hasi ziren. Baina halako batean gauza batez konturatu ziren, ezagutza ez zela nahikoa; euskara irakastea ondo dagoela, baina hortik aurrerako pausoak emateko erabilera esparruak behar zirela, eta horretarako sortu zen Zenbat Gara elkartea".

Orduan finkatu ziren Zenbat Gara elkartearen ideia nagusiak: euskaldun komunitatea trinkotzea, herritarrak euskalduntzea, euskararen estatusa goratzea eta euskara bizi-tzako esparru guztietara zabaltzea. Hau da, "euskaratik eta euskaldunon mundutik abiatuta, gure kultura garatzeko ereduak sortzea. Lehenengo eta bat, iraganeko altxorra edo ondarea berreskuratu behar dugu euskaldunok, erdi galdua izan dugulako euskaldunok, baina, aldi berean, iraganetik ekarri dugun hori gerorantz proiektatu behar dugu, eta horregatik, garatu, eguneratu eta gauzatu egin behar dugu proiektu hori. Eta, horretarako, eredu egokiak behar ditugu", dio Monasteriok.

Zenbat Garak funtsezko ideia horien orbitaren inguruan zebiltzan satelite txiki batzuk sortu zituen. Eta, orduan, Gabriel Aresti euskaltegiari beste balio bat eman zion elkarteak; pedagogiaz gainera, jendeari erabilera esparruak eskaini zizkion. Monasterioren ustez, horretarako, elkarteak ezinbesteko ikusi zuen kultur gune bat sortzea, Bilboko Kafe Antzokia izango zena, eta kultur gune horri funtzio batzuk ezarri zizkion Zenbat Garak: funtzio horiek oinarri-oinarrian euskaldunen arteko harremanak bideratzera zuzendurik zeuden. "Geure kulturaz gozatu ahal izateko, geure kulturaren adierazpideak ikusi ahal izateko, elkarrekin egoteko, bazkaltzeko zein euskaraz hitz egiteko, toki erreferentzial bat behar genuen Bilboko erdararen itsaso handi horretan".

Zuzenekoak izan daitezkeen harreman horietarako, beraz, bazegoen Kafe Antzokia, baina zeharkako harremanak ere landu behar ziren, eta Zenbat Garak abian jarri zituen Bilbo Hiria irratia, uhinen bitartez Bilboko euskaldunen ahotsa eramaten diena euskaldunei, Kurkuluxetan umegunea, Erro argitaletxea eta Algara konpartsa. "Hainbat eta hainbat zerbitzu jarri zituen orbita horren barruan. Hortaz, irakasle kontzientziatu batzuen ekimena izan zen Zenbat Gara elkartearen abiapuntua, ikusirik ez zela nahikoa ezagutza transmititzearekin, batez ere, Bilbo bezalako gune erdaldunetan". Xabier Monasterioren ustez, azken 25 urteetan Bilbon gauzak asko aldatu diren arren, "onerako gainera", oraindik asko geratzen da egiteko, eta horretan jarraitzen du elkarteak.

Orainaldia da bizi beharrekoa Duela aste gutxi egin du Zenbat Gara elkarteak urteroko balantzea, eta pozik egoteko moduko urtea izan omen da 2013. urtea. 353 ekitaldi programatu zituen iaz Zenbat Garak, eta horietako gehienek Kafe Antzokian izan zuten aterpe. "Azaroa eta abendua hartzen baditugu aintzat, adibidez, hilean-hilean berrogei ekitaldi pasa izan ditugu. Horrek esan nahi du egunean-egunean ekitaldi bat baino gehiago izan direla. Hori asko da, eta asko izateaz gainera, ekitaldi anitzak egon dira. Genero guztiak agerrarazteko plaza da gurea. Berdin umeen antzerki xumea, berdin goi-mailako kon-tzertua, berdin zinema, hitzaldiak, bertsoak, edo disko zein liburu aurkezpenak, esate baterako. Kulturaren agerraldi gehienek badute tokia gugan".

Eta 2014ari begira ere, orain artean jarritako zutabe horiei gogoz eta gogor eustea da elkartearen helburua. "Orain arte ibili garen bezala, euskal kulturaren oinarriak sendo-tzen segitu nahiko genuke: gure kultura zirkuituak beste plaza bat izan dezala Kafe Antzokian; giro honetan eta estilo honetan jardun ohi diren bestelako elkarte, erakunde eta taldeekin harremanetan aritu gura genuke".

Ildo horretan, hiru berrikuntza azpimarratu ditu Monasteriok. Lehenik eta behin, umegune indar-tsu bat aurkeztuko dute Aste Nagusiari eta udari begira. Euskararen etorkizuna etxeko txikienak direla aitzat harturik, "sekulako eskain-tza polita egingo diegu umeei euskaraz goza dezaten", dio. Bigarrenik, kulturan oinarritutako turismoa bultzatuko dute Topa Tour deituko den turismo agentziaren bidez; "hemendik oso lasterrera kaleratuko dugu proiektu hori", aurreratu du. "Euskal kulturari begirako zerbitzua landu nahi dugu, horren berri eman nahi diogu bisitan datorren lagun kanpotarrari. Denetariko ibilbide eta egonaldiak eskainiko dizkiegu, baina betiere euskal kultura ardatz izanik". Ekintzen oinarria Bilboaldean kokatuko da bereiziki, baina Euskal Herria izango du helmuga. Zenbat Gararen helburua hori delako, Bilbon hastea, baina Euskal Herrira heltzea, "tokikerian gelditu gabe". Eta hirugarrenik, enpresei begira eta taldeei begira hizkuntza-zerbitzu proiektu bat jarriko dute martxan. Oraindik euskaraz lan egiten ez duten eta euskaraz saltzera ausartzen ez diren enpresa horiei bultzada bat ematea izango du helburu zerbitzu berriak.

Bitarteko xumeak Zenbat Gara elkarteak helburu handiak ditu esku artean, baina horiek lortzeko bideak apalak dira, bidean galtzeko inolako beldurrik gabe: harreman naturalak, ekimen erakargarriak, helduen irakaskuntza, irakaskun-tza akademikoa, murgiltze une eta guneak eta aisialdia. "Gizakiari dagozkion bitartekoak darabiltzagu -dio Xabier Monasteriok- jendea den bezala onartzea da kontua. Guk jartzen dugun muga bakarra da gure kulturarekiko begirunea, duintasuna eta berdintasuna. Inor ez badator ezer inposatzera, onartua izango da gure elkartean; hori bai, bere ohiturak edo hizkuntza inposatzera datorrena ez dugu onartuko".

Xabier Monasteriok argi dauka Bilbok euskararen arnasgune izan nahi badu, kanpoko ereduak kopiatu beharrean bere ereduak sortzen jardun behar duela: "Naturalak garenean orduantxe garelako interesgarriak euskaldunok". Kopiatzeak ez omen darama urrutira, elkarteko kidearen arabera. "Besteek egiten dutena kopiatzen dugunean galduago irteten gara, gure hizkuntza eta kultura txikiagoak eta apalagoak direlako. Gu geu garenean, geuk maite dugun hori egiten dugunean, orduantxe baloratzen gaitu jendeak. Baina, batez ere, hizkuntzaren ezagutzatik erabilerara eman beharreko pausoei aitortu die garrantzia. "Bada, aipatutako hori guztia izan daiteke abiapuntu edo eredu, eta beste asko ere egon daitezke, noski; goazen orduan eredu hobe horietara, ausartu gaitezen, sortu dezagun".

Lan asko dago, beraz, oraindik egiteko. Baina lan mardula egin dute honezkero Zenbat Gara elkarteko milaka lagunek: arduradunek, langileek, ikasleek zein bezeroek. Eta ispilu izateaz gainera, akuilu ere izan beharko du aurrerantzean Zenbat Gara elkarteak, Bilbo euskalduna Euskal Herri euskaldunean biziko bada.