Ihes eta amodioari buruzko ipuinekin estreinatu da Mardaras
Bizkaitarrak 'Pendrive' bere lehen liburua plazaratu du susa argitaletxearekin Hasi eta buka egiten diren narrazioak eta testu solteak nahasi ditu, besteak beste, oharrak, zirriborroak eta gogoetak
DOnostia. Betidanik gustatu zaio idaztea irakaskuntzan lan egiten duen Arrate Mardarasi (Abadiño, 1960). Orain arte, baina, ez zuen libururik kalean. Duela bi urte Ginebra erreginaren itzulera ipuina osatu zuen eta eta "oso eroso" sentitu zen. Aurrera jarraitu eta zenbait narrazio bildu zituen Pendrive izeneko sortan. Editore bat behar zuen eta Susa argitaletxeko Gorka Arreserekin egin zuen topo. Horrela lortu zuen jada liburudendetan dagoen bere lehen lana plazaratzea.
Bere estreinako liburua bada ere, "idazle heldu baten aurrean" gaudela esan zuen Arresek. Bere irudiko, bizkaitarraren idazkera "gardena eta zehatza" da eta pertsonaien eraikuntza ere "oso trebea da".
Metaliteratura Literaturari "keinu" ugari egin dizkio egileak. Izan ere, liburuaren hasieran pendrive bat aurkitzen du "fikziozko editore" batek. Barruan sei ipuin ezberdin daude, bai eta hainbat ohar, gogoeta eta zirriborro ere. Editoreak zalantzak ditu eta zenbait galdera egiten dizkio bere buruari: "Zeinena ote da pendrive? Idazle batek galdu du ala erakunde armatu batena zen?" Dena dela, bere edukia argitaratzea erabakitzen du.
Mardarasek nabarmendu zuenez, aipatutako sei kontakizunetan "ihesean dabilen jendea ageri da", leku arrotzean derrigorrean dagoena. Maitasunezko istorioak dira guztiak, "ihesi dabilenak maitasuna behar du lagun", ipuin baten tituluak dioenez.
Bestetik, Historiako momentu ezberdinetan kokatu ditu narrazioak: haitzuloetan, Erromatarren Veleian, Erdi aroan, XVII. mendean eta 1936ko Gerra Zibilan. Gainera, adin ezberdinekoak dira protagonistak: badaude nerabeak, gazteak, helduak eta zaharrak -"maitasunak adinik ez duelako"- eta heterosexualitatea "ez da eredu bakarra". Azken finean, egileak askatasunaren aldarrikapena ere egin du liburuan.
Gorka Arresek esan zuenaren arabera, horiek dira "hasi eta buka egiten diren ipuinak", baina liburuan bestelako testuak ere badaude. Nolabait ere, pendrive hori "idazle baten tailerra da", Susako editoreak iradoki zuenez.
Sinda pertsonaia hainbat narraziotan agertzen da, baina gehienak testu solteak dira, independenteak: ipuin txikiagoak, zirriborroak, oharrak eta gogoetak, batik bat. Denak laburrak dira, idazleari "txapa ematea" ez zaiolako gusta-tzen. "Nahiko zuzena naiz eta arin irakurtzea da nire helburua", gaineratu zuen Mardarasek.
Besteak beste, gertuko jendeari dedikatu dio liburua, baita Pott bandako lagunei ere, bere garaian literatura "ikaragarria" dela erakutsi ziotelako.
Esperientziarekin gustura geratu denez, Arrate Mardarasek badu "gogoa" liburu berri bat idazteko. "Hobby itzela da niretzat, idazteak engantxatu egiten du, uste dut jarraituko dudala", esan zuen.