DOnostia. Urtero bezala, Iparraldea bertan! programak martxoaren asteazkenak alaituko ditu Koldo Mitxelena Kulturunean. Izan ere, bihar hasiko dira 19.30ean aurtengo jardunaldiak. Aurten, gainera, tarte berezia eskainiko diote musikari, hiru kontzertu eta mintzaldi bat programatu dituztelako.
Hala iragarri zuten atzoko pren-tsaurrekoan Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendariak eta Pantxoa Etxegoien Euskal Kultur Erakundeko arduradunak. Biek gogoratu zutenez, ekitaldi hauek Ipar Euskal Herria "hobeki ezagutzeko" parada aparta dira Hegoaldeko bizilagunentzat. Ekitaldi guztiak doakoak dira.
Biharko saioan Philippe de Ezcurra eskusoinulari urruñarra izango da protagonista. Pelotari ohia musikaria eta irakaslea da egun Baionako Kontserbatorioan eta eskusoinuan urrezko domina lortu du. Kattalin Indaburu kantariak eta Marina Beheretche biolinjoleak lagundurik arituko da Donostian, euskal musika tradizionalaren inguruko kontzertu berezi bat proposatuz.
Hilaren 14an, berriz, emanaldi bikoitza izango da. Hasteko Begiz Begi taldeak eskainiko ditu bere kantak. Bikote gisa hasi ziren Patxi Amulet (ahotsak eta gitarra) eta Xabi Etcheverry (biolina) baina lagun gehiago batu zaizkie eszenatokian. Ondoren, Izarrak laukoteak hartuko die errelebua. 2004ko Nafarroa Behereko kantu txapelketan ekin zioten beren ibilbideari lau emakume gazte hauek: Sophie Oteizak, Emmanuelle Lurok, Céline Bidartek eta Kattin Inchauspek. Niko Etxart, Anje Duhalde eta Oskorri bezalako taledeekin aritu dira. Donostiako saioan Peio Chauvin, Maurice Anocibar eta Xan Errotabehere musikarien laguntza izango dute.
Hirugarren saioan (hilaren 21ean) Maddi Zubeldia eta bere musikariak (Xano Urtxegi eta Txomin Arizaga) egongo dira oholtza gainean. Bere konposizioak izango dira nagusi, baina Euskal Herriko zein atzerriko kantu herrikoiak ere aintzat hartuko dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, bidaiatxo poetikoa eskainiko dute, irlandar erlaitzetatik abiatuz eta Mikel Laboa, Jean Renoir, Paco Ibañez eta Xabier Lete ahantzi gabe.
SOLASALDIA Martxoaren 28an Iparraldea garapen bidean mintzaldiarekin bukatuko da programazioa. Battittta Boloquy Garapen Kontseiluko zuzendariak azalduko du erakunde hori zergatik sortu zen eta azken 15 urteotan nolako gogoetak eta ikerketak egin dituen. Besteak beste, Iparraldearen inguruko gai hauek aztertuko dituzte Frank Dolosor kazetariak eta Boloquyk berak: euskararen lekua lurralde proiektuan, mugaz-gaindiko harremanak, lurralde antolaketa (hirigintza, garraioak) eta abar.