Síguenos en redes sociales:

Beñat Gaztelumendi nagusitu zen atzo Gpuntuaren Villabonako saioan

Gozo, seguru aritu zen añorgatarra saioan, indartsu arrazoiketan eta bertsoaren joskeran

Donostia. Gpuntuaren final-laurdenetako bigarren saioa jokatu zen atzo Villabonako Olaederra kiroldegian. Beñat Gaztelumendi nagusitu zen eta 501.5 puntu eskuratu zituen Unai Agirre, Unai Gaztelumendi, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Andoni Otamendi eta Ander Lizarralderen aurka. Iker Iriartek jardun zuen gai-jartzaile lanetan.

Gogotsu, bozgoran hasi ziren sei bertsolariak lehen agurretatik: esperantzari ahotsa jartzera, "pakerik ez eta gerrara", oholtzan dantzan egitera, guztia irabaztera, onenak irabaz dezala opaz datozela egin zuten aldarri seiek ere.

Lehen agurrak bota ostean sei puntuko motzean hasi zituzten lan puntuagarriak. Guztiak ere sendo hasi ziren hasiera-hasieratik, eta maila altuan osatu zuten langintza.

Koplatako saioari ekin zioten segidan. Umoreari etekina ateratzen asmatu zuten oro har, eta batzuek entzuleen algara biziak ere sorrarazi zituzten.

Zortziko handikoa izan zuten hurrengo langintza: ildo berean kantatu zuten denek ere, eta errekurtso ederrak zituztela agerian utzi zute, oro har.

Bakarkako saiora pasata, gai banari hiruna bertso kantatu behar izan zion bakoitzak. Amaieran irabazlea izango zen Beñat Gaztelumendik gai honi kantatu zion: "Orain arte dibertsioa baino ez zen jokoa zuretzat. Denborarekin menpean hartu zaitu". Sendo, bertsoa ederki osatuz burutu zuen langintza añorgatarretan zaharrenak, eta entzuleengana iristen asmatu zuen.

Kartzelako saioan, azkenik, binaka aritu ziren, hamarreko txikian, gai berari kantatuz: "Lankideak zarete, bakoitzak zuen bikotekidea izan arren elkarrekin oheratzen zarete. Gero eta gogorragoa egiten zaizue egoera".

Bukaeran, Beñat Gaztelumendi izan zen puntu gehien batu eta finalaurrekoetarako txartela ziurtatu zuena. Gainontzekoak puntuazio-dantzaren arabera pasako dira. Gozo, seguru aritu zen Beñat saio osoan zehar, indartsu arrazoiketan eta bertsoaren joskeran.

l Beñat Gaztelumendi. 501.5.

l Unai Agirre. 480.

l Iñigo 'Mantxi'. 480.

l Unai Gaztelumendi. 467.

l Ander Lizarralde. 440.5.

l Andoni Otamendi. 431.5.