Síguenos en redes sociales:

"Ez dago zertan gazteei beti istorio samurrak kontatu"

'Errepidea' (Erein) lanaren ardatza autokarabana batean bizi diren ama-alabak dira. Miren Agur Meabe izan da istorio berezi horren sortzailea

"Ez dago zertan gazteei beti istorio samurrak kontatu"rubén plaza

Donostia. Sinboloek presentzia handia dute liburuan, kritika sozialak bezala.

Oharkabean pasatzen ari zen 'Errepidea'.

Espero dut bultzada bat izatea, liburua gehiago zabaldu dadin. Publikatu ondoren atera ziren kritika onak eta, orain, poza areagotu zait arnasa eman dakiokeela liburuari. Orain arte idatzitako liburuen artean pertsonaia errebeldeena da, gizartearekin kritikoena, eta gustatzen zait horretan fijatu izana.

Gazteentzako liburua bada ere, nahita jo duzu kontakizun gordin batera?

Gazte asko dago gainera egoera gordinak bizi dituztenak, batez ere krisi ekonomikoa dagoenetik. Ama-alaba protagonistak egoera horretan bizi dira eta iruditu zitzaidan ez dagoela zertan ibili beti istorio samurrak, politak eta babeskeriaz betetakoak kontatzen. Irakurle gazteak izan arren, beste sentimendu batzuk ere helarazi behar direla. Egia da gero, liburuan, gordintasuna fantasiazko narratzaile baten bitartez konpensatzen dela. Ez da muturreko egoera latza.

Literatura Sarian ere finalista izan zara. Noiz jotzen duzu alde batera edo bestera?

Batzuetan prozesu paraleloak izaten dira. Irakurtzeko orduan bezala liburu berarekin ez zabiltzan moduan, batzutan antena jarrita daukazu batean edo bestean. Barne egoerak ere eskatzen dizu batzutan. Baina ezin duzu beti zure obsesio eta zauriei miazka pasa eta behar da bestelako arnasa. Martxan egiten dut. Batzuetan gertatzen da idazten hasi eta saio frustratu horretatik zerbait salbatzea eta hori bihurtzea istorio baten hasiera. Errepidearen sorkina, adibidez, horrela sortu zen.

Ama-alaben inguruan eraikitzen den istorioa izanda, ikuspegi berezia ematen al dio horrek liburuari?

Gehien gustatzen zaidana hau da: emakume hauek zein zuhurrak diren, zein autosufizienteak diren ez jausteko inoren segadetan ez jausteko. Ez dependentzia afektiboetan, ez dependentzia sozialetan. Haiek daukaten arazo nagusia bizia ateratzea da, baina hori ere duintasunez egiten saiatuko dira. Amak alabari momentu batean dioenez, "duintasuna karnet iraunkor" bat delako.