Judith Godrèche aktoreak Benoît Jacquot zuzendaria salatu du aste honetan, bortxatu egin zuelako 15 urte besterik ez zituenean, 1980ko hamarkadan. Ostegun honetan kontatu duenez, orduan ere beste zinemagile batek, Jacques Doillonek, sexu-abusuak egin zizkion.

France Inter irratian egindako elkarrizketa batean, Godrèchek azaldu du abusu horietako bat iaz hil zen Jane Birkin aktorearen etxean gertatu zela, garai hartan Doillonen bikotekidea baitzen, eta, zehatzago, hark etxebizitzan zuen bulegoan.

"Inork ez zuen ikusi, eta nik ez diot inori horri buruz hitz egin", adierazi du orain 51 urte dituen aktoreak.

Baina gaineratu du jende gehiagok ikusi zuena Jacques Doillonen "La fille de quinze ans" pelikularen filmazioan gertatu zena izan zela. Filma 1989an estreinatu zen, eta protagonista izan zen Melvil Poupaudekin eta Jacques Doillonekin batera.

Godrècheren bertsioaren arabera, Doillonek lehendabizi aktore bat kontratatu zuen, baina gero baztertu egin zuen, eta zuzendariak aktore horren papera berak egitea erabaki zuen.

Ustekabean, aktore nerabearen eta aktore-zuzendariaren arteko sexu-eszena bat sartu zuen gidoian, eta "45 hartualdi" egin ziren horretarako.

Eta hori guztia Jane Birkinen aurrean, zeinarentzat "oso egoera mingarria" izan baitzen, esan du Godrèchek.

Beste emakumezko aktore batzuen salaketak

Elkarrizketa horren ostean, Anna Mouglalis et Isild le Besco aktoreek Jacques Doilloni sexu-erasoa egitea leporatu diote, Le Monde egunkarian egindako adierazpenetan.

Lehenengoaren kasuan, 2011n gertatu zen, zuzendariak indarrez musu eman zionean. Le Bescok, berriz, hainbat astez lan egin zuen Doillonekin 2001eko film baterako, baina harekin oheratzeari uko egin zionean, bere kontakizunaren arabera, produkziotik atera eta papera eman zion alabari.

Godrècheren abokatuak Benoît Jacquoten aurka egindako salaketari dagokionez, ikerketa judiziala abiaraztea eragin badu ere, artxiboan amaitzeko arriskua du.

Horren arrazoia da Frantzian adin txikiko baten aurkako sexu-abusuak jazarri daitezkeela, adin-nagusitasuna gainditu eta gehienez 30 urtera, biktimak salatzen badu. Baina Godrècheren kasuan, hiru hamarkada baino gehiago dira adingabea izateari utzi ziola.