Netflix plataformak Agente ikusezina filmaren estreinaldiarekin sekulako arrakasta izan zuen, ikusteko moduan ipini zuten lehen asteburuan filmik ikusiena izan baitzen 92 herrialdetan; horretaz jabetuta, ekoizpen hori garatzeko lanean dabiltzala jakinarazi dute streaming plataformatik, “espioitza frankizia handi bihurtu asmoz”.

Netflixetik baieztatu dutenez, abian omen da Agente ikusezina filmaren bigarrena garatzeko prozesua; lortutako arrakasta itzelaren lekuko, film luzeak ikusleen %91ko puntuazioa eskaini zioten lehen egunetan Rotten Tomatoesen. Aurreratu dutenez, Ryan Goslingek parte hartuko omen du, eta zuzendari lanetan Joe eta Anthony Russok. Azkenik, ekoizpenaren ardura Russotarrek eta Agboko Mike Laroccak izango dute, Roth Kirschenbaum Filmseko Joe Roth eta Jeffrey Kirschenbaumerekin batera.

Gidoiaren ardura berriz, Agente ikusezinaren gidoilarietako bat izandako Stephen McFeelyk hartuko du (The Electric State, Mendekatzaileak: Endgame, Amerika kapitaina: Civil War). Paul Wernick eta Rhett Reese gidoilari txalotuek (Deadpool, Ongi etorri Zombielandera) idatziko duten spin-offak, Agente ikusezinaren unibertsoko alor desberdinak landuko omen ditu, nahiz eta Netflixetik azpimarratu, argumentua oraindik sekretupean dagoela.

Agente ikusezina, Mark Greaneyren best-sellerretan oinarrituta dago. Dagoeneko Netflixen eskuragarri dagoen lehenengo atalean, CIAko agente misteriotsu batek Agentziako trapu zikinak aurkitzen dituenean, “lankide ohi batek haren buruari prezioa jarri, eta bere atzetik mundu osoan nola zeharkatzen duen” ikusten da. Hortik abiatuta, ekintza eta eszena epikoak bermatuta daude, noski.

Agente ikusezina izan da AGBOk ekoiztu eta Netflixen estreinatu den hirugarren filma, eta bigarren luzemetraia jarraian, zuzenean mundu osoan ikusienen artean lehen postuan kokatu dena. Chris Hemsworth protagonista duen AGBOren Tyler Rake filma (2020) bosgarrena da Netflixeko filmik ezagunenen artean, eta horren jarraipena ere estreinatzekoak dira 2023an.

Joe eta Anthony Russoren hitzetan, “agentearen aurrean ikusleen erreakzioa ezin hobea dela esan daiteke. Biziki eskertzen diegu mundu osoko jarraitzaileei, film hau horren gogo onez jaso izana. Hainbeste pertsonaia txundigarri dituenez, film luze hau unibertso zabalago baten parte izatea izan dugu beti helburu, eta horregatik gaude hain pozik,

Netflixek Ryanekin jarraipena egingo duela iragarri duelako, eta bigarren gidoiaren inguruan aurki izango garelako hitz egiteko moduan”. Irudipen bera adierazi du Peliculas Globaleseko zuzendari Scott Stuberrek ere, bere hitzetan: “Agente Ikusezinean, mundu guztiko ikusleak bereganatu dituen ikuskizun zirraragarria eskaini digute Russotarrek. Pozez zoratzen gaude, eurekin eta AGBOren taldearekin batera garatuko dugulako Agente Ikusezinaren unibertsoa”.

Film hau aurrea atera duen Estudio Independente AGBO, frankizien unibertsoak sortzen eta ekoizten aditua den estudio independentea da, eta filmak edo serieak, audioa eta esperientzia interaktiboak ere ekoizten dituzte. 2017. urtean sortu zuten Anthony eta Joe Russo zuzendari saritu eta aski ezagunek Mike Larocca ekoizlearekin. Plataformatik bertatik jakinarazi dutenez, AGBOren helburua: “Konta-tzeko moduen hurrengo belaunaldiak garatu eta sustatzea da, beti ere berrikuntzatik, nazioarteko ikus-entzuleak entretenitu asmoz”. Estudioaren egoitza Los Angelesen dago.