Sarritan, enpresa teknologiko handiekin lotzen dugu berrikuntza, baina merkatu global eta lehiakor honetan, gero eta gehiago dira proiektu berritzaileak martxan jartzen dituzten enpresa txiki eta ertainak. Ez da lan makala eta ahalegin hori aitortzea ezinbestekoa da. Horren erakusle dira Hazinnova programaren akreditazioak. 

Hazi nahi duten eta produktu, prozesu, marketin eta antolakuntza arloetan berrikuntzak ezarri nahi dituzten enpresa txiki eta ertainei zuzendutako aholkularitza eta laguntza zerbitzua da Hazinnova. 2021eko deialdian, esate baterako, 2.300.000 euroko aurrekontua izan du eta guztira 209 euskal enpresak hartu dute parte Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, SPRIk eta Eusko Jaurlari-tzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatutako programa honetan. Horietatik akreditazioa jaso duten Gipuzkoako enpresak 63 izan dira. Ziurtagiria jaso duten enpresa horiek berrikuntza ez teknologikoko mikro-proiektuak arrakastaz ezarri dituzte beren erakundeetan merkatuan lehiakorrago izateko helburuarekin.

Guztira bost topaketa antolatu ditu Hazinnovak Euskadiko beste hainbat tokitan akreditazioak banatzeko eta aste honetan, hain zuzen ere, Oiartzungo Salto Systems enpresa izan da horren lekuko. Bertan, Donostialdea, Tolosaldea, Bidasoaldea eta Urola Kostako 30 ETEk jaso dute errekonozimendua produktu, negozio-prozesu, fabrikazio, logistika, merkaturatze, administrazio edo finantzak bezalako arloetan berrikuntza prozesuak ezartzeagatik. Joan den urriaren 13an, berriz, Urola Erdia, Urola Garaia, Debagoiena, Debabarrena eta Goierriko 33 enpresek jaso zuten akreditazioa Ordiziako Goierri Valley-en egindako ekitaldian. 

Hazinnovak aholkularitzako 50 ordu eskaintzen ditu, doan, hiru hilean emaitzak eskuratzeko helburuarekin

Bestalde, zabalik dago 2022ko deialdian parte hartzeko epea. Proiektuak aurkezteko epea datorren abenduaren 1a izango da eta oraingo honetan programak 2.760.000 euroko aurrekontua izango du. 

Hazinnovak aholkularitzako 50 ordu eskaintzen ditu, doan, hiru hilean emaitzak eskuratzeko helburuarekin. Programari esker, enpresek honako lorpenak izateko aukera izango dute: enpresaren errentagarritasuna hobetzea, prozesuen efizientzia optimizatzea, gastuak eta entrega-epeak murriztea, taldeko pertsonak motibatzea, merkatu-kuota handitzea, bezero-segmentu berriak aurkitzea, jabetza intelektuala babestea, eta produktu edo zerbitzu berriak diseinatzea, besteak beste. N.G.