Epaile baten aginduz, armak eraman beharko dituzte Tolosako udaltzainek astelehenetik aurrera.
Duela bost urte hasitako prozesu bati, beraz, amaiera emango zaio orain.
Tolosako Udalak legeak behartuta hartutako erabaki honen inguruko hausnarketak partekatu nahi ditut Tolosako herritarrekin.
Udaltzain buruak armen erabilera ezartzeko egin duen txostenean adierazten duen bezala, azken hamabi urteetako datuak aztertu ondoren, Tolosako udaltzainek ez dute, ez beren bizitza, ez eta osotasun fisikoa arriskuan jarri duen gertakizunik bizi izan. Txosten berean azpimarratzen du suzko armarik gabe egon arren ez dutela inolako arazorik izan beren lana behar bezala betetzeko.
Eusko Jaurlaritzako datuetan ere ikus dezakegu gure inguruko zein Tolosako delinkuentzia indizea baxua dela.
Bidali zure gutuna!
Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.
Tolosako Udaltzaingoaren eginkizun nagusia herrian bizikidetza bermatzea da. Prebentzioan oinarrituta, gertutasuna eta herritarren zerbitzura jarduteko bokazioa azaltzea nahi dugu, konfiantzazko giroa bultzatuz eta herritarrei, elkarte eta eragile guztiei lankidetza eta kolaborazioa eskainiz.
Konfiantzazko giro hori udaltzainek berezko dituzten mediazio eta prebentzio funtzioen bidez egiten dute. Egoera zailak ere bizitzen dituzte beren egunerokoan, baina lehenesten dugu herritarrengandik gertu egongo den udaltzain eredua.
Beraz, esan gabe doa, suarmen erabilera muturreko kasuetan –agenteen edo herritarren bizitzak “arrisku larrian” daudenean– egin beharko dutela, azken aukera moduan.
Hori horrela izan dadin, legea betetzeaz harago, udaltzainei formazio egokia bermatuko diegu. Horretarako gure esku dagoen guztia egingo dugu.
Balio komunitarioak sustatzen dituen gizarte baten aldekoa naiz, izaera ez bortitza duen jendarte solidario, justu eta baketsuaren defentsa egiten duena. Helburu hori lortzeko bidean gertuko poliziak suzko armak eramateak ez duela inongo ekarpenik egiten pentsatzen dut.