Etorkizunean ere mendien aldeEP
Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute kokalekua.
Orain, aerosorgailu erraldoien –200m-ko garaiera dutenak– txanda da eta hektarea ugari okupatzen dituzten zentral fotoboltaikoena ere. Guztiak energia jasangarriaren izenean. Asko dira suntsiketaren mehatxupean dauden mendiak: Aizarna, Sañu, Txoondegi, Komisolatza, Mendibeltz, Bidani, Illaun, Urraki, Izazpi, Samiño, Oleta, Meaka eta Irimo, Larramendi, Basalgo, Andutz, Ezkeltzu, Adarra, Zaburu… Horiek eta gehiago.
Neurri handiko azpiegitura energetiko horiek eragingo dituzten kalte ekologikoek betirako eraldatuko dute Gipuzkoa. Industriarekiko fedeari jarraituz gero, ultraindustrializatutako lurralde bilakatzeko arriskuan geundeke, mendiak eta landa eremuak zer diren jakiteko beste paraje batzuetara irten behar izateraino.
Mendiak eta landa eremuak erabateko garrantzia dute gure lurraldean; batez ere ekosistemarentzat, baina baita basogintzarako, nekazaritza eta abeltzaintzarako, ehiza eta arrantzarako, kirol jarduera eta erromerietarako ere... Ezin dugu ahaztu mendiek eta espazio naturalek betezen dituzten funtzio sozialak, komunitateen ehundura sendotzen dituztenak, gure kultura eta historia ere barnebiltzen dituztenak. Horiez gain mendiak, Gipuzkoako paisaiak identitate sortzaileak ere badira, garen bezalakoak egiten gaituzte. Lurraldearekin lotzen gaituzte. Zer nolako lotura izango lukete etorkizuneko gipuzkoarrek erabat suntsituko bagenu?
Badirudi Eider Mendozari Energia Jasangarrirako Estrategia. Gipuzkoa 2050 txostena Gipuzkoako Diputazioko tiraderan ahaztu zaiola. Izan ere, esan berri du antzeko txostenak oso garestiak direla. Dokumentua 2021eako abenduaren 21ean onartu zen –San Tomas egunean, kasualitatea ote?– eta bere 534 orrialdetan txostenak dio Gipuzkoak duen orografiagatik eta populazio dentsitateagatik, lurraldea ez dela egokia horrelako makroproiektuak garatzeko eta ez direla errentagarriak.
Txostenak berak, aldiz, dio autokontsumorako energia sare deszentralizatu bat sortu behar dela, gertukoa eta txikia. Bada, has gaitezen hortik eta inberti dezagun diru publikoa horretan, eta erabil ditzagun ditxosozko Next Generation diru funtsak etorkizuneko pertsonen bizitza guztiak bizigarriak izan daitezen; eta ez multinazionalek nahi duten tokian nahi duten proiektua garatuz poltsikoak bete. Badaude, beraz, inposatu nahi duten eredu horren aurretik, garatu beharreko alternatibak.
Bukatzeko, datorren irailaren 29an, eguerdiko 13.00etan, Zelatunen, Ernio azpian, iraileko azken igandean urtero egin ohi den erromeria nagusian Gipuzkoako Mendiak Askeko kideok Mendietan zentral eolikorik ez! lemapean egingo den konzentraziora gonbidatu nahi zaituztegu.
Josebe Blanco, Gaizka Otamendi eta Xabier Odriozola Gipuzkoako Mendiak Aske, Sagarreta natur taldea, Larramendiko arnasa, Karakate Bizirik!, Andatza Ezkeltzu Bizirik!, Oletan ere ez!, Sañu Bizirik!, Errezil Bizirik!, Meaka-Irimo herri-plataforma.
Bidali zure gutuna!
Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.