1512ko uztailaren 25ean, Santiago egunean, Albako dukearen tropak Iruñean sartu ziren, bortizki eta “España, España” oihukatuz. Hortik dator “Santiago y cierra España” leloa. 1521ean, berriz, Gaztelan Komuneroen Matxinadan borrokan ari zirela, Zangozan jaiotako Enrike II. Nafarroako erregearen tropak ate nagusietatik sartu ziren Iruñea hiriburuan, barruko leialek ateak zabalduta. 

Hantxe zegoen Inazio Lopez Loiolakoa oinaztarren ordezkaria, Gaztelaren alde. Kanoi txiki batek jaurtitako balak hanka (tartea diote) zauritu zion. Gero egingo zuten santua. Ordurako jada baziren gure artean oinaztarrak eta ganboatarrak, bi bando, bi fakzio nor bere jauntxoaren interes ekonomikoak defendatzen; batzuetan, Gaztelako erresumaren alde eta besteetan, Nafarroaren alde; haizeak nondik jo, hantxe babesa bilatuz.

Horrela iritsi ginen euskalnafar herrietan Foruen defentsan jokatu ziren bi gerretara, karlistaldiak bezala ezagunak. Orduan ere bi bando eta haiei buruzko kontakizun ezberdin, batzuetan kontrajarriak. Batzuen arabera 1874ko ekainaren 2an Hernani “setiatzen” zutenengatik “askatu” omen zituzten hernaniar gaixoak (Noticias ekainaren 11n). Nafarroaren konkistan bezala, hizkuntza “beliko eta kuarteleroa erabiliz” bando baten aldekoa kontatzen dute, benetan jokatzen ziren botere interesak ezkutuan utzita.

Nahi duzuenean, jakina; baina, San Inazio egunean (Espainiaren alde borrokatu zuen santuaren egunean) igo zaitezte Santa Barbarara. Bertan festa giro nagusi bada ere, har ezazue tartetxo bat herri-kirolak joka-tzen diren eremuko bi egurrezko argibide-tauletan (nahiko zikinduak portzierto) kontatzen dena irakur-tzeko. Testuak hobetu daitezke, ziur, baina nahiko txukun kontatzen dira Santa Barbara eta Santiagomendiren historia. Ez santuena, baizik eta inoiz “pribilegioa” izan ez diren Foruen defentsarena. Foru Orokorra gure lege Gorena zen. Ezabatu zutena.

Bidal ezazu zure gutuna!

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.