San Juanak 2024 urtea pasata orain balorazioa egiteko denbora da. Nire aitortza jaiak aurrera eramaten parte hartu duten eragile guztiei, izugarria izan da egindako lana eta nabarmena egondako emaitza. Eskerrik asko! 

Zenbait zoritxarrezko pasarteak izan ditugu, bata sua piztutako Biteriko etxean, bestea San Juan egunean goizean goiz agertutako hildako gizona. Pena handia da urteko edozein egunetan horrelakoak pasatzea baina jai giroan murgilduta gaudenean gogorra egiten da horrelakoak bizitzea. Nire izenean eta ordezkatzen dudan alderdiaren izenean doluminak senide eta lagunei.

Nire aldetik jai lasaiak, alaba, senide eta lagunekin. Eguraldiak hasieran ere kale egin digu baina ondoren hobetzera joan da eta eskertzekoa da hori. 

Herrian dena den etengabeko gaia ere egon da eta ni ere horrekin harrituta nago. Uste dut ekainaren 20an hasi nintzela han eta hemen pankartak eta pankartak ikusten. Ondo ikusten dut bai aldarrikapena, baina ez horrela. Herria goitik behera izan dugu pankartaz josita eta ez aldarrikapenerako guneetan. Zerbaitetarako daude hauek ez? 

Hau gutxi balitz ezin dugu ahaztu Arrasaten sentsibilitate ezberdinetako pertsonak gaudela eta agian jaiak jai izan beharrean norbait minduta azaldu daiteke eta jaiak gazitzen zaizkio gure aldarrikapenagatik. 

Adierazpen askeko guneak baditugu Arrasaten eta gero eta gutxiago erabiltzen dira. Gaur egun han eta hemen jartzen ditugu nahi ditugun kartel, pegatina, pankarta… horrela eramango dugu bizikidetza egokia aurrera? Ez al gara berriz aintzinako egunetara itzuliko, ezta? Askok ez duzue ez aintzinako jaiak gogoratuko baina nagusiagoak garenok bai eta aurten zoritxarrez pasatako urteak berriz bueltan daudela iruditu zait niri behintzat. 

* Arrasateko EAJ/PNVko lehendakaria

Bidal ezazu zure gutuna!

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.