Ez dakit nondik hasi, amaieratik hasiko naiz: Andoni hil da.

Zmz? (zer moduz?), galdetu didate.

Hamentxe, pixkanaka...-erantzun diet. Esango banu, sentitzen eta pentsatzen dudan guztia ezingo nuke. Hasi, hasi naiz idazten, ez dakit nola amaituko dudan, amaitzen badut.

Korapilo nekagarri eta askaezin haundi honen hasiera bai, badakit non eta noiz izan zen. Nere senarra, bizitzako bidelaguna zena, semearen aita maite, senideen kuttun, eta askoren bihotzeko laguna, moto istripuz hil zen errepide zeken horretan eta egun triste horretan, une ilun horretan hasi zen korapiloa.

Orain, hau idaztera ekarri nauen arrazoiari eustea hobe, haserreak eta nekeak gain hartu aurretik.

Lehen egunetik, heriotzari dagozkion tramite eta paper guztien eskaerek ia erotu gaituzte. Heriotzaren lehen egunak igarota, gizartearen zati batentzat bukaera denean, orduan hasten da benetako infernua. Heriotzak berak dakarzkien ordainketak, ehorztetxea, aholkularitza, aseguru etxeak, abokatuak, notaritza...

Administrazioak eskatutako kolore, neurri eta mota guztietako paper, dokumentu eta ziurtagiriak, hala nola, epaitegiak eta bankuak. Hemen dator benetako bakardadea eta beldurra, gatazka haundi baten erdian, biluzik.

Ezin dezaket ulertu, une larri horretan, administrazioak nola ez duen esku hartzen laguntzeko, eta ez ito-tzeko. Aurrez esanda ere, gorriz azpimarratu nahi nituzke, bankuak eta aseguru etxeak. Haragi bizitan utzi nauzue, zoazte pikutara!

Haserretu nauzue! Baretuko ote naiz?

Milaka galdera, ehundaka azalpen... zenbat amorru, neke eta negar malko.

Erokeriaren erdian, nire kasuan, familiak, lagunek eta terapeutak eutsi naute. Eskerrik asko.

Nire mina, galera eta gabezia betirako izango dira.

Maite zaitut Andoni.

Bidali zure gutuna! 

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.