Ez dut europarra izan nahi. Oraintxe euskalduna, kitto. Europar Batasuna gobernatzen duten jaun-andre txit goren horiek baino bertago sentitzen ditut bizi duin bila Europarantz pateratan abiatzen diren afrikarrak, mundu kapitalista aberatsak hartutako konpromisoak bete gabe baztertuta dituen sahararrak, beren Gobernu naziak urteak joan eta urteak etorri bonbardatzen dituen donbasstarrak edota une hauetan genozidio basatia pairatzen ari diren palestinarrak, adibidez. Pedro Sánchez, Ursula von der Leyen eta Josep Borrell hirukoak ordezkatzen duen lorategi ustel horrek kiskali egin dizkidate erraiak. Genoziden alde beti. Zelenskik Ukrainan, Mohammed VI.ak Marokon eta Netanyahuk Israelen jaso dituzten besarkada, txalo eta “biba zuek” guztiek EBko goi mailako politikoek gizatasuna galdu izanaren isla dira.

Gazan palestinarrak egun hauetan bizitzen ari direna eta gero, mundu zabalean bizi den orok ezin du berdin jarraitu. Bonbapean hildako umeen argazkiak ez ditugu orain lehen aldiz ikusi, baina aurrekoak denok ditugun autodefentsarako mekanismoek burmuineko soto ilunen batean zeuzkaten gordeta. Orain, indarra biderkatuta, lehengo eta oraingo argazkiek erraietan berpiztu digute geure bizitik alboratuta genuen mina eta oinazea. 

Noraino irits daitezke gizaki baten barruan gaiztotasuna eta krudeltasuna? Netanyahuk badaki bere bonbek ez dutela ukitu ere egiten Hamaseko jendea eta indarra, hauek eta beren armak lur azpian ongi ezkutatuta baitaude. Milaka bonba horiek guztiek zibilak hiltzen dituzte soil-soilik, eta gehienak umeak eta hauen amak eta aiton-amonak dira. Netanyahu gorroto oskola zurrunez babestuta dago eta bere krimenek ez diote barrua astintzen. Ume horien negar hotsak ez zaizkio barrura iristen, hain baita gogorra eta iragazkaitza bere larruazala. 

Lurra kendu zieten lehenik. Etxeak ondoren. Pareta handiko kaiolan bizitzera kondenatu zituzten azkenik, bizi baldintza miserabletan bizirauteko beste aukerarik gabe. Orain basamortura bota nahi dituzte. Hala aitortu dute sionistek.

Uko egiten diot europarra izateari. Palestinarra naiz, Gazan bizi ezinik bizi diren lagunak bezalaxe. Donbasstarra naiz, Donetsken egunero bonbapean bizi ezinik bizi diren lagunak bezalaxe. Sahararra naiz, Tindufen jaio diren eta oraindik ere jaioko diren milaka ume horiek bezalaxe. Sentimenduz behintzat. Europarra izatea jasanezina da.

Zure Irakurlearen Gutuna bidali nahiko bazenu, gehienez 30 lerrokoa izan beharko da eta sinatua egon. Igorlearen NANaren kopia erantsi beharko da, baita telefono zenbakia ere bai. NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak argitaratzeko eskubidea gordetzen du, baita laburtzearena ere. Gutunak cartas@noticiasdegipuzkoa.eus helbidera bidali.