Abuztuak 23 ditu. Goizeko 8.00etan iritsi naiz Oleta auzoko Trabenia eta Ganixto baitaren ingurumaritik Mantto baitaren hurbilera. Hariztiak eta errekaren soinuak iratzartu nau. Patarrak ez nau beldurtzen eta ttipi-ttapa ekin diot egunsentiaren izpiak dastatzearren. Gaztainondoak, haltzak, iratzea, otea eta mailoa lagun igo naiz, eskuinean Intsola bideko Deskargako lepoa dela. Goian Larrun gaina lainopean: ea lehendabiziko giriak trenez heltzerako iristen naizen! Badira ni baino lehenago irtendakoak. Han doaz urrunean, hor doa hurbilean. Arnasestuka gainditu dut agurtu ondoren lehendabizikoa; erantzun dit, alajainkoa! Bonjourkume asko ibili ohi da aldeotan-eta. Gaur ez da putreren aztarnarik, kabalarik ere ez, ezta artalderik ere. Hegazti bakar bat ere ez dut sumatu bide guztian.
Izerdi-patsetan noa, ez baitago atsedentoki laurik. Larrun horrelakoxea da: ederra, zutia, urruna, gandortsua, larre eta harri, gerizpea magalean duela.
Hurbildu ahala, trenen adarra; 9.00ak aldera heldu dira bata besteari jarraiki gaurko lehendabiziko jende-uholdearekin. Bisitariak berehala ekin diote argazkiak ateratzeari nahiz eta laino hertsiak urruneko mendi eta Kantauri itsasoa ikustea oztopatzen duen. Belharra uhina ikusteko asmotan jin direnek gaur behintzat jai dute; lozorroan baitago aspaldion.
Gailurra zapaldu eta turista artetik irten eta beheranzko bide-xindari heldu diot. Goranzkoan mendizale urri baginen, beheranzkoan trumilka dator goraka mendizale itxura gutxikoak tartean direla. Otadian zehar, berriro, diosalik egiten ez duen jende-klasea. Horietako talde batean baziren 30en bat lagun. Azken-buztan zihoan mutil beltzaranak soilik agurtu nau; gainerakoak albotik zakurra igaroko balitz bezalaxe inongo keinu edo adiorik egiten ez dakien pertsonaia bitxi eta higuingarriak. Zein eskolatan ikasitakoak ote dira? Zer balore ote dituzte bizi-ikur? Ingurukoa diosaltzen ez duenak nola errespeta lezake gizakia eta izadia zaindu?
Bestetik, lasteringurumariotan egin asmo dituzten berrikuntzekin inguruak zenbait aldaketa izanen du; mendiaren eta jendearen onerako izan dadila, Larrunek duen xarma gal ez dezan!