Cartas a la Dirección

Zenbakiak dira, datuak. Azken urteotan krisia medio, hamaika datu dabilkigu hitzetik hortzera. Datu horien atzean ordea, pertsonak, herritarrak daude. Asko egoera berrian, denak egoera larrian. Langabezian. %14an da jada langabetu tasa herrian. Horrek 900 herritar lanik gabe dauzkagula esan nahi du. Datu hori berez larria bada ere, larriagoa da datuaren joera. Orain urtebete, 2012ko otsailean, 750 ziren langabetuak Beasainen.

Datuen mamira jo ezkero, 35 eta 45 urte bitartean daudenak dira kopuruaren koska. Ia erdiaren formakuntza maila nahiko altua da eta hori ikastaroak antolatzerakoan garrantzitsua da, formakuntza zehatzagoa eskaini baitezakezu. Egoera larri honi aurre egiteko, ezinbestekoa da erakunde publikoetatik lehenbailehen ekimen ezberdinak sustatzea.

Zuzenean edo epe motzera irtenbide zaila baldin badu ere, instituzioen lana baita epe ertain-luzera neurriak hartu eta datu horiek hobetzeko aletxoa jartzea. Zuzenekoa eta epe motzekoa litzateke, aurten EAJ-PNVtik proposatu dugun eta onartu den neurrietako bat: Kontratazio berriak egiten dituen enpresarentzat hainbat hobari onartzea.

Epe ertain-luzerako ere proposamenak egin genizkion Udal Gobernuari, Inguruko lantegien beharrei erreparatuaz, langabetuentzat formakuntza ikastaroak antolatzearena, esate batera.

Herritarren formakuntza egokia da, luzera, lan mundura sartzeko biderik sendoena eta bide horretan bai 2012an eta bai 2013an, Udalak Goierri eskola eta Lanbiderekin elkarlanean formakuntza kurtsoak antolatu zitzan proposatu genuen. Ia 300 herritarrentzako formakuntza da proposatzen dena. Bi urteren buruan behin eta berriz ezekoa jaso du proposamenak Bilduren partetik. Hala ere, gizarte neurri hauek ezinbestekotzat jotzen ditugu aurrerapausoak emateko. Alderdikerien gainetik jarri behar genituzke neurri hauek hartzea eta datozen aldetik datozela, bide horiek indartu behar genituzke.

Hori dela eta luzatzen diogu eskua Bilduri. Arazo hau alderdi politikoen arteko liskarretik atera, gure lehentasunen artean ipini eta elkarlanerako gonbitea egiten diogu. Gure esperientzia eta jakinduria eskaintzen diogu egoera larri honi aurre egiteko.

Herritarrak izango dira horrelako ekimenen onura jasoko dutenak.

Aitor Aldasoro

En nombre del grupo municipal de EAJ//PNV de Beasain