Gauza jakina da Zarautzen herritarrok mailakatuta gaudela: goi-goian kanpotarrak, pertsianak jaitsita dituzten etxe horien jabeak; gero, herritar onak, udalaren itzalpean txintik ateratzen ez duten izaki zuzen eta zibilizatuak; eta azkenik beste gutziok, kritika egiteagatik ofizialki "terrorista" bihurtzeko arriskuan gaudenok.

Hori baita entzun nahi ez dena isiltzeko erarik errazena: terrorismoa goraipatzeagatik salatzea eta epaiketan bizi osorako boto-debekua eskatzea. Joku makabro batean sartuta gaude denok, kontrol politiko-polizialek eta sala-tzaile anonimoek erabakitako arauekin. Helburua? Zerrenda beltzeko herritarrak banan-banan eta ahalik eta azkarren joku-eremutik kanporatzea.

Oraingoan, bi zarauztarri egokitu zaie jokuko biktima izatea; epaitu egingo dituzte, salatzaile anonimo batek bakarrik entzun zituen adierazpenak egiteagatik. Auzi horri buruz deklaratu zuen poliziak berak onartu zuen ez zutela halakorik egin; baina hala ere, kasu gehiago egin diote akusazio anonimoari, eta Audientzia Nazionalera bidali nahi dituzte biak. Eta bitartean, herritar onak isilik.

Oraingoan bi hauei suertatu zaie, baina "terrorismoaren" mugek gero eta lausoagoak dirudite: pintada batek edo protesta ekologista batek eraman zaitzakete Audientzia Nazionalera. Martxa honetan, lelo feministek ere ez ote dute terrorismoa goraipatuko!

Sorginak Emakume Gazte Asanbladatik adierazi nahi dugu ez daukagula joku ustel honetan parte hartzeko asmorik, eta zuei, herritar zuzenoi, eta batez ere Zarauzko Udalari, eskatzen dizuegu injustizia hau gelditzen lagun-tzeko. Ez zaitezte pasiboki begira gelditu, joku makabro honek uste baino lehenago gure herria gazterik gabe utziko du eta.