Euskalgintzaren mapa direktorioa sortu du Kontseiluak. Bertan, euskararen normalizazioa lortzeko lanean ari diren elkarte eta erakundeak agertzen dira herriz herri. Bi urte lanean aritu ondoren, lankidetzan osaturiko tresna dela zion Xabier Mendigurenek aurkezpen ekitaldian. Neuk gonbitea luzatu nahi dizuet www.euskalgintza.org helbidean direktorioan nabigatzeko eta konturatzeko aipatu elkarlana zeinekin burutu den. Norberaren herrikoan murgiltzea izango da joera arruntena eta, honela, harriduraz, ikusi dut Lezon, azken 30 urteetan euskalgintzan, euskararen berreskurapen eta normalizazioa lortzeko herriak izan eta dituen eragile indartsu eta eraginkorrenak ez direla agertzen. Ez Lezo Herri Eskola, ez Lezo Institutua, ez Haur Eskola. Orratx! Kultur Elkartea, Oroi-tzene AEK eta Lizeo ikastola ager-tzen dira mapan. Aldamenera joan eta, Errenterian, ikastetxe publikorik ez da agertzen, noski, baina Langaitz Ikastola ere ez, publifikatu zenean labela galdu zuen, nonbait. Luzatu gaitezke Hondarribiko basamortuari azalpenak bilatu nahian, Irungo Txingudi Ikastolak, sare publikoan sartuta ere, aipamenik merezi ez izatea, edo, Donostiako kasuan, Elkar megadendei eskaintzen zaien pasarelan, diskoetxea barne, nazioartean, hizkuntza berreskurapenean, oso ezaguna den Amara Berri ikastetxeko fenomeno batentzat zirrikiturik ez dago. Eta honela herriz herri. Kontseiluan galdetuta, Topagune eta Ikastolen Elkartearekin jarri omen dira harremanetan. Direktorioaren aurkezpenean, aurrerantzean, garatzen eta hobe-tzen jarraitzeko asmoa agertu zuten. Autoen erosketan bezalaxe funtsezkoa, oinarrizkoa, berezkoa du -"de serie"- bestelakoak aukerakoak dira. Web orrian "Erakunde berria eransteko" abiatzen den prozesua ireki daiteke baina, batzuk ordea, berezkoa dute labela; jaiotze unetik bataiatuak sortzen dira, apezpiku berriek ur bedeinkatua emanda, besteok, aldiz, jatorrizko bekatua aitortu, botoian sakatu eta penitentzia egin beharko dugu euskalgintzaren mapan lekua izateko. Dinamikoa izango dela agindu zuen Zigor Etxeburuak, ohar-tzen hasiak gara, batzuk besteak baino gehiago mugitu beharko gara ordea. Gu mapan bageunden norbaitek ezabatu arte. Hau ez da ez Elkarlana, ez Euskalgintza ez Herrigintza.