Gipuzkoa Basket Harrobia proiektua, Gipuzkoako saskibaloian talentua garatzeko funtsezkoa izango den ekimena, ofizial egin zen atzo, Inveready Gipuzkoa Basketeko Jose Luis Zubizarreta, Xubi, Marta Pastor, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari nagusia, Iñaki Gabarain, Donostiako Kirol eta Bizi-tza Osasungarriko zinegotzia eta Yon Txakartegi, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko koordinatzaile nagusia bertan zirela.

Dagoeneko martxan dagoen kirol egitasmo horrek talentu gazteen prestakuntza bultzatzea du helburu, horretarako entrenamendu kualifikatuen programa egituratu delarik. Saioak astero egiten dira astearte eta ostegunetan Illunben. Hitzarmen horretan lurraldeko 36 klub sartu dira eta 110 haur biltzen ditu, haur, kadete eta gazte kategorietakoak, teknifikazio entrenamenduetan parte hartzen dutelarik.

Atzo prentsaurrean azaldu zutenez, Gipuzkoa Basket Harrobia proiektua “gure lurraldean saskibaloiaren ekosistema indartzeko asmoarekin sortu da, kluben lana osatuz eta talentua detektatzeko eta garatzeko egitura harmoniko bat egituratuz”. Ekimenaren baitan, herriko entrenatzaileek ere parte hartuko dute, eta lagunarteko txapelketak antolatuko dira.

GIPUZKOAKO SASKIBALOI BAT EGINDA

Zuekin eta zuentzat lelopean, Inveready Gipuzkoa Basketek eta Gipuzkoa Basket Fundazioak gure probintziako saskibaloiarekiko konpromisoa indartu nahi dute, klubei elkarrekin batera hazteko aukera eskainiko dien prestakuntza piramidea sendotu nahian. Xubik aurkezpenean azpimarratu zuenez, “gure horizontaltasuna Gipuzkoan eta gipuzkoarrengan oinarritu behar dugu”

Bestalde, Marta Pastorrek eta Iñaki Gabarainek Inveready Gipuzkoa Basket sustatzen ari den proiektuaren garrantzia azpimarratu zuten, baita tankera horretako ekimenek kirola indartzeko duten balioa ere, kasu honetan eta bereziki Gipuzkoako saskibaloia.

Yon Txakartegik “egitasmo honek dakarren guztia” nabarmendu zuen, “ez soilik kirolaren ikuspegitik, baita batasuna, elkarlana eta zeharkakotasuna sustatzeko duen ahalmena ere”. Argi utzi nahi izan zuen federazioarentzat proiektu hau erabat funtsezkoa dela.

Proiektua abian da dageneko, eta jokalarien prestakuntzan eta Gipuzkoako saskibaloiaren kohesioan eragin positiboa izatea espero da.