Síguenos en redes sociales:

Errenteria: Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategia aurkeztu dute

Errenteria: Badalab hizkuntza berrikuntzako laborategia aurkeztu duteRuben Plaza

Badalab hizkuntza laborategi berriak Errenteriako Madalena kaleko 27. zenbakian kokatzen den eraikinean du egoitza, liburutegi zaharra izan zen eraikuntzan. Bere helburua euskara biziberritzea eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzea dira. Hau da, laborategiaren egiteko nagusia euskara etorkizuneko agertoki eta interakzio sistema berrietan erabilia izan dadin, esperimentaziotik ekarpena egitea da. Aurtengo irailean hasiko du esperimentazio-jarduera bete-betean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko, Errenteriako Udaleko eta Badalabeko kargu gorenen talde argazkia.

Atzoko agerraldian, Goiatz Oiar-tzabal zuzendari nagusiak lantzen hasiko diren proiektua aurreratu zuen: “Gazteekin batera prozesu espekulatibo bat egingo da. Etorkizuna irudikatzeko espekulazio prozesuaren oinarria da desiragarritasun klabean garatzen dela. Ulertu nahi da gazteek nolako etorkizun desiratua irudikatzen duten, gero horretan nola eragin an-tzemateko”.

Azpimarratu zuenez, Badalab laborategiaren berezitasunetan lehena lankidetzatik sortua izan dela da: “Gogoeta eta diseinua lankidetza publiko-sozialaren parametrotan egin ondoren, lankidetza hori gobernantzara eraman da eta erabakigunean botere banaketa erreala gauzatu da”.

Bigarren ezaugarria deliberazio irekia da. Beraz, Badalaben interesa duen eta interesekoa den edonork erabakietan eragiteko sarbidea izango du. Honela lortu nahi da adimen kolektiboa aktibatzea, galderak zorrozteko, erantzunak aberasteko eta ekintzaren legitimazio soziala areagotzeko. Oiartzabalek azpimarratu zuenez, “Europan ez dago an-tzekorik”.

Alabaina, bereizgarri nagusi honi esker, “laborategiak dagoeneko lortu du hamabost erakunde oso esanguratsu konprometituta egotea bere erabakigunean, eta beste asko prest egotea estrategia lantzeko, jarduera antzemateko, ekintzan bidelagun izateko eta egindakoa elkarrekin ebaluatzeko, aldiro hobekuntzaren bila”, aditzera eman zuen zuzendariak.

Irudikatutako etorkizun desiragarri horretan gaur eragiten hasteko, Badalabek espazioak, tresnak eta esperientziak diseinatuko eta eskainiko dituela adierazi zuen zuzendariak, “bestela gertatuko ez liratekeen eta ausartak diren proiektuak gara daitezen, eta orain arte egindako bideari jarraiki, ezohikoak diren lankidetza harremanak eman daitezen”.

Egoitzak lau solairu ditu eta Badalab azken bi solairutan, bakoitza 180m2 ingurukoa, kokatzen da. Bertan daude, batetik, Badaplaza, adimen kolektiboa sustatu eta komunitate ekintzak hartuko dituena, ekosistemako eragileen eta herritarren erabilerara ere irekia egongo dena. Bestetik, proiektu taldeen zerbitzura Badatokia eta esperimentazio eta prototipatze espazioak ere egongo dira erabilgarri. Gainera, beheko bi solairutan bizikide izango ditu laster batean Errenteriako beste elkarte batzuk, kulturaniztasunaren baitan euskaratik eragiteko helburua partekatzen dutenak.

Badalaben sorreran honako erakunde eta eragileek hartu dute parte: Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala, Soziolinguistika Klusterra, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Irrati Telebista, Euskal Herriko Unibertsitatea, Arantzazulab, Euskaltzaindia eta Langune. Partaidetza horretan da-tza aurkeztu berri den zentroaren eragiteko ahalmena. Baina bi erakunde izan dira ezinbestekoak laborategia sortu zedin: Gipuzkoako Foru Aldundia, 452.000 euro jarri du egoitzaren egokitzapenerako, eta Errenteriako Udala, eraikinaren lagapena egin du. Bi erakundeon ordezkari gorenek hartu zuten hi-tza atzoko aurkezpenean.

Markel Olano diputatu nagusiak mundu osoan bizi ditugun “sakoneko eraldatzeak” izan zituen hizpide, digitalizazioa, aldaketa klimatikoa, gizarte aniztasunaren areago-tzea, kasu. “Galdera ikur eta desafioen aurrean, hil ala bizikoa dugu esperimentaziorako baliabideak eta testuinguruak sortzea, desafio nagusietan eragin eta, elkarlanaren bitartez, gure lurraldea eraldatzeko. Hori da, hain justu, Etorkizuna Eraikizeko (Badalab bertan kokatzen da) erreferentzia zentroen helburua”, nabarmendu zuen.

Aizpea Otaegi alkateak “bizi dugun ziurgabetasunean, Badalab argi pixka bat jartzera datorrela”, esan zuen, “geure buruari egin beharreko galderak zein diren ere zalantzan jartzera datorrelako, geure buruari egin beharreko galderak ere zein izan daitezkeen pentsatzeko gonbidapenarekin datorrelako”.

“Herri honek, bilaketa horretan lagun dezakeela zalantzarik ez dut. Eta herri honentzat, Badalaben bidez zabalduko diren prozesuak eta bideak ikasgai izango direla ere badakit. Horregatik, pozez eta ilusioz ematen diogu ongi etorria Badalabi. Pozez eta ilusioz heltzen diogu bertako kide izateari”, amaitu zuen. l