- Giuliana Gavilan pibotea Bera Berako eskubaloi ataleko arduradun Tati Garmendiak aurkeztu zuen atzo Ammma zentroan, Ander Formoso prestatzaile fisikoarekin balorazio funtzionala bertan egin zuela baliatuz. "Oso pozik nago hemen, erronka handia da Super Amara Bera Beraren koloreak defendatzea, eta maila ona eskaintzeko gauza izango naizela uste dut", adierazi zuen jokalari internazional argentinarrak.

Kordobako Villa Marian (Argentina) jaio zen, duela 26 urte, eta 2016. urteaz geroztik selekzioan jardun du, hiru Munduko Txapelketa jokatuz. Bi denboraldiz Frantziako ligako Plan de Cuques taldean jokatzetik dator Shula Gavilán, eta Guerreras Iberdrola Ligan ere ibilitakoa da, aurretik bi urtez jokatu baitzuen Gijonen.

Argentinarrak protagonismo handia izango du 2022-23 denboraldiko Super Amara Bera Beran, Eli Cesáreo eta Ainhoa Etxeberriaren bajak bete beharko baititu. Tati Garmendiak nabarmendu zuenez "jokalari garrantzitsua izateko dator; guretzat hain garrantzitsua den defentsaren erdigunean egon beharko du, eta erasoan ere posizioa ondo irabazteko gauza da, ondo lerratzen baita". "Ea lehen bait lehen egokitzen den geurea, oso ondo etorriko zaigula esango nuke", adierazi zuen.

Gavilánek, nolanahi ere, oso gogo onez onartu du erronka, "klubaren konfiantza" baduela sentitzen baitu. "Gijonera taldeari laguntzera etorri nintzen, baina oraingoan erantzukizuna handiagoa da, erronka ikaragarria da", esan zuen. "Frantziako liga askoz fisikoagoa da, Espainiakoa taktikoagoa, eta horretan ere lagun dezakedala iruditzen zait", azpimarratu zuen.

Hori guztia kontuan izanda, jakin badaki: "Frantziakorekiko joko-sistema aldatu egin beharko dut, baina tokatzen zaidan lekuan taldeari ekarpena egiten saiatuko naiz; sentsazio onenekin nabil eta taldearekin gauza asko lortzea espero dut".

Bere dohainei buruz galdetuta, euskarriak garbi esan du "defentsan jokalari gogorra naiz, nire presentzia sentiaraztea gustatzen zaion horietakoa; eta erasoan berriz, posizioa irabaztea gustatzen zait, eta ez bakarrik golak egitea, taldekideen jokoa errazteko lan zikina egitea ere bai". l